Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-03-30

Haur eta Gazte Literaturako Itzultzaileen direktorioa berritu dute

Haur eta Gazte Literaturako Itzultzaileen on-line direktorioa sortu zuen German Sanchez Ruiperez Fundazioak 2006an eta horren bertsio berritua sareratu du orain. Direktorio horren helburua Haur eta Gazte Literaturan itzultzaile diharduten profesionalen errolda osatzea eta sarean jartzea da, sektore horri ikusgarritasun gehiago emateko. Direktorio hori osatzeko, besteak beste, Espainiako Itzultzaileen Elkartearen, Herrialde Katalanetako Itzultzaile eta Interpreteen Elkartearen, Galiziako Itzultzaileen Elkartearen eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) laguntza izan zuen Fundazioak.

Galtzagorri Elkarteak ere Euskal Haur eta Gazte Literaturako Itzultzaileen direktorioa dauka bere web gunean, Itzultzaileak atalean. Bertan, abizenaren araberako bilaketa egiteko aukera dago. Itzultzaile bakoitzaren gunean, bere biografia, itzulitako lanen zerrenda eta jasotako sarien berri biltzen da. Oraindik ez daude Euskal Haur eta Gazte Literatura itzultzen diharduten profesional guztien loturak, baina horretan dihardutenek bertan agertzerik nahi badute, Galtzagorri Elkartearekin harremanetan jartzea besterik ez dute.