Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-04-30

Haur eta Gazte Literaturak liburuaren merkatuko % 10a hartzen du

SM Fundazioak argitaratu duen urtekariak (plazaratzen duen zazpigarrena da) Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren sektoreko kopuru eta estatistika esanguratsuenak biltzen ditu. Baita HGLraren merkatuaren ezaugarri eta joerak eta liburu elektronikoari buruzko monografiko bat ere.

Kopuruei dagokienez, Haur eta Gazte Literatura 2009. urtean hazkundea izan duten kontsumoaren sektore gutxi horietako bat da. 2009an saldutako liburuen bolumena %11,9an handitu zen eta salmenten balorea %11,4an. Beraz, liburuaren sektore osoa baino hiru aldiz gehiago hazi da.

Bestalde, liburuaren sektorean argitaratutako liburu berrien hazkundea %3,5ekoa izan bada ere, Haur eta Gazte Literaturan, hazkundea %11,2koa izan da.

 

Irakurketa Ohiturak eta Liburu Elektronikoa

Urtekari honek dioenez, sarrien irakurtzen duen jendartearen sektorea 10 eta 13 ute bitarteko haurrena da. Horietatik %91,2a ohiko irakurleak omen dira. Hauen atzetik datoz, 14 eta 24 urte bitarteko gazteak, zeintzuetatik %70,5a ohiko irakurleak diren.

Irakurketa ohiturei dagokionez, liburu elektronikoak nerabeen irakurzaletasunarengan eragin zuzena izan dezakeela ondorioztatzen du urtekari honek.Izan ere, liburua entretenimendu iturri bezala ikusteko joera gutxien dutenengan (hauen artean nerabeen kopuru handi bat dago) irakurzaletasuna sustatzeko aukera paregabea izan daiteke liburu elektronikoa. Irakurketa nerabeek gustuko duten eta menperatzen duten mundu teknologikoan murgiltzeko aukera eskainiko baitu liburu elektronikoak.

 

2009ko joerak

CLIJ aldizkariko zuzendari eta Haur eta Gazte Literaturan aditua den Victoria Fernándezek fantasy generoa kokatzen du gazte irakurleen zaletasunen lehenengo postuan. Eta genero hau banpiroz, espirituz, zonbiz, otso-gizonez, eskeletoz... bete dela dio Fernándezek. Gainera, genero hau erromantikoagoa bihurtu omen da eta ez hain epikoa.

8 eta 13 urte bitarteko irakurleen artean, genero kuttunenak umorea, abentura eta intriga eta misterioa omen dira.

Fernándezek azpimarratu du gainera, 2009a errealismoaren urtea izan dela. Sariak jaso dituzten literatura lanetako askok bazterketa, inmigrazioa edota ohiko gatazkak dira. Bestalde, komikiaren susperketa eta pop-up liburuen boom-a aipatzen ditu. Azken hauen artean, jolasteko antzokitxoak edo eskenatokiak, klasikoen adaptazioak edota ikusteko liburuak aipatzen ditu Fernandezek.

Esan beharra dago, baita ere, CLIJ aldizkariak argitaratu berri duela urteko 100 liburu onenen "Ohorezko Zerrenda". Liburu hauek adinka daude antolatuak. Bertan, euskarazko sei liburu agertzen dira

 

Euskarazko Haur eta Gazte Literatura

Esan bezala, Xabier Etxaniz Erlek egiten du EHGLko egoeraren azterketa. Etxanizek dioenez, berrikuntza nabarmenetako bat 2009an Ipupomamua telebista saioa izan da. Saio honetan Haur eta Gazte Literaturako adituei elkarrizketak, gazte irakurleek eskainitako iritziak, bibliotekarien ekarpenak eta abar biltzen dira.

Horrez gain, Etxanizek dio Euskarazko Haur eta Gazte Literaturak kalitate handiko liburu asko dituela. Bere azterketa, eta Haur eta Gazte Literaturarena orokorrean irakurri nahi duenak, hementxe du Urtekari osoa irakurgai.