Urriaren 5ean, Donostiako Hezkuntza eta Filosofia fakultatean, 10:30etik 13:30era, haur eta gazte literatura eta bitartekaritzaz hitz egiteko espazioa sortuko dugu. Hain zuzen, Haur eta gazte literatura: bitartekaritza jomugan Jardunaldiak antolatu ditugu Haur eta gazte literatura Eskolan ikastaroaren harira. Izan ere, EHUrekin batera antolatzen dugun ikastaroaren bost edizio egin ditugu dagoeneko, eta 2025ean goitik behera aldatzeko asmoa daukagu bitartekaritzaren praktikak erdigunean jartzeko. Jardunaldiok, orain artekoa jaso eta datorrenari begira jartzeko antolatu ditugu, eta izena emateko epea ireki dugu. Bitartekaria bazara —izan irakasle, guraso, liburuzain, ipuin kontalari, ilustratzaile, idazle edo gaia zure interesekoa bada— eman izena hemen, ez zaizu damutuko.
Programa xumea antolatu dugu, akademiaren barruan kokatuta ere, jardunaldietan parte hartuko duzuen bitartekariek esperientziak truka ditzazuen nahi dugu; zein kezka duzue, zein zailtasun, zein erronka? Ipuin kontaketa batekin hasiko gara eta, aurkezpen labur baten ostean, lan-mahaietan banatuko gara. Jardunaldiotan elkarrekin egoteko denbora eskaintzen dizuegu, pausa bat elkarrekin lasai egoteko. Aukeratu zure lan-mahaia!