Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-10-03

Haur eta Gazte liburuaren IV. Biltzarraren Ondorioak web gunean

120 pertsona inguruk eman zuten izena Galtzagorrik, OEPLIren eskaeraz, iazko uztailean Donostian burutu zuen Haur eta Gazte Literaturako IV. Biltzarrean. "Ezberdin irakurriz: Haur eta Gazte Liburua Kultura Aniztasunean" izan zen Biltzarraren leloa. Haur eta Gazte Literaturaren esparru ezberdinetan lanean aritzen diren pertsonak bildu ziren oro har Miramar Jauregian hiru egunetan zehar: idazleak, bibliotekariak, irakasleak, argitaldariak, ilustratzaileak... Espainiako Estatu osotik jende andana bertaratu zen. Nazioartetik ere etorri ziren zenbait. Besteak beste, IBBYko lehendakari den Patricia Aldana izan genuen gonbidatu, Kanadatik etorria.

 

 


Egunez egungo egitarauak goiza eta arratsaldea hartzen zituen. Goizean Osoko hitzaldia eta bi ponentzia izan genituen ia egunero. Ondoren, komunikazioak bi geletan, aldi berean. kongresistak batetik bestera igarotzen zen, zituen interesen arabera. Orain, egun haietan landu ziren eduki guztien ondorioak ikusgai dituzue, euskaraz zein gaztelaniaz http://www.desberdin-irakurriz.com orrialdean.

Besteak beste, ondorio horietan aurkituko dituzue Elisa Bonillak Mexikoko Irakurketa Plan Nazionalari buruz kontatu zizkigunak. Nola 2000-2005 urteen artean 200 milioi dolar gastatu zituzten bertan 175 milioi liburu erosteko. Eta batez ere, zein baldintza erabili ziren erosiko ziren liburuak orotarikoak izan zitezen bermatzeko: hizkuntza bakarrean nahiz bi hizkuntzatan argitaratutako liburuak (hizkuntza indigena eta gaztelania), jatorri ezberdineko liburuak, genero ezberdineko liburuak, formatu ezberdinekoak, argitaletxe ezberdinetakoak...

Baita Enrique Gil Calvok kultur aniztasunak bitartekariak trebatzeko sortzen dituen erronken inguruan egin zuen hitzaldiaren ondorioak. Besteak beste, maitasun erromantikoaren alderatu zuen irakurzaletasuna sortzeari begira bitartekari hauek zuten funtzioa. Irakurzaletasuna sustatzeko, kultura anitza den gizarte batean, hiru giltza eskaini zituen: hezkuntza sentimentala (guraso eta seme-alaben artekoa); anai-arteko harremana (kirola edota Interneta dira askotan beste jatorri bateko pertsonekin harremanetan jartzen gaituztenak, irakurketarekin ere gauza bera gerta daiteke); eta maitasun erromantikoa, hau da, gorteiatzea, bestea konkistatzea (alegia, Zelestinak behar direla irakurketa sustatzeko ere).

Bi adibide besterik ez ditugu aipatzen hemen, baina hitzaldi guztien ondorioak dituzue ikusgai, lehen esan bezala Biltzarrerako prestatu zen web orrialdean.

Ekintza osagarriak

 

 

 

 

 

 

 

 

Biltzarreko egunetan hitzaldiak, ponentziak eta komunikazioak entzuteaz gain, hainbat ekitaldiz gozatzeko parada ere izan zuten bertaratutakoek. Besteak beste, lehen egunean Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarretaren hasiera hitzaldi bikainak txalo zaparrada izugarria jaso zuen. Eta zeresana eman zuen ondorengo egun guztietan ere. Egun horretan bertan, iluntzean, inauguratu zen Koldo Mitxelena Kulturunean "Labirintoaren erbestean" areto literarioa. Bertako Ganbaran kokatua zegoen labirintoan galtzeko esperientzia bizi ahal izan zuten Biltzarrera etorritako hainbat pertsonak.


Bigarren egunean, berriz, Gorringo antzerki taldeak kalejira baten bidez eraman zituen biltzarkide guztiak hitzaldiak egiten ziren geletatik, Elena Odriozolaren erakusketa paratuta zegoen Miramar Jauregiko lehen solairura. Jende guztia makurtuturik zegoenean, zabaldu zen Elena Odriozolaren ilustrazioen erakusketaren atea. Eta horrela geratu zen inauguratua.


Azkenik, Biltzarrai amaiera emateko, ondorioak irakurri ostean,  piano kontzertua eskaini zuen Mariana Palaciosek. "Les Contes de ma Mère l'Oie" izeneko obra eskaini zuen. Ondoren, Iñaki Telleriaren eskutik Perkutsio kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen, txalaparta eta guzti. Bukaeran, nola ez, luncha eta argazkiak. Eta irribarreak, batez ere Biltzarraren komisario izan diren Itziar Zubizarreta eta Marijose Olaziregiren eta batzorde zientifikoan nahiz exekutiboan lan egin duten kideen aurpegietan, egindako lan andaren ondoren, Biltzarrak espero izandako fruituak eman zituelako.