Urtero bezala, apirilaren 2an, Hans Christian Andersenen jaiotzaren urtemugaren harira, HAUR ETA GAZTE LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatuko da mundu zabalean eta Galtzagorri Elkarteak ere egun hori ahalik eta herririk gehienetan ospa dadin nahi du. Hori dela eta OEPLIko beste atalekin batera honako jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu Liburutegi, liburu-denda eta iakstetxeak:
• Zuen herriko neska-mutilen artean, aurten, IBBYren Brasilgo atalak prestatu duen Luciana Sandroniren mezua eta Ziraldo ilustratzailearen kartela zabaltzea. Berau Espainiako lau hizkuntza ofizialetan deskargatu ahal izango da OEPLIren web gunetik (www.oepli.org) otsailaren 15eko astean zehar.
• Ipuin-kontalarien saioak, lehiaketak, egileekin topaketak eta abar antolatzea, edo liburutegi/liburu-denda bakoitzak irakurketa sustatzeko egoki irizten dion jarduera antolatzea.
• "IPUINETAKO ANIMALIA BAT ADOPTA EZAZU" lehiaketan parte hartzea. Oinarriak behean atxikita dituzue.
ATXIKITZEAK
Aurten ere, atxikitze sistema izen-emate elektronikoaren bidez egiten jarraituko dugu, OEPLiren web gunearen bidez (www.oepli.org).
1.- OEPLIren web guneko HAUR ETA GAZTE LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA orrialdean atxikitze orrialdera bideratuko gaituen lotura bat agertuko da (http://oepli.org/pag/dia_inter/dia_registro.php). Orrialde honetan datu guztiekin bete beharreko formulario bat egongo da. Formularioa bete ostean, mezu elektroniko baten bidez baieztatuko da atxikitzea, eta, 24 orduren buruan (OEPLik datu guztiak zuzen daudela ziurtatzeko behar duen denbora), erakunde hori atxikitzea adierazi duten erakundeen zerrendan agertuko da, Erkidego Autonomoen arabera sailkatuta.
Atxikitze formularioa otsailaren 2tik martxoaren 27ra egongo da aktibo, hori izango da atxikitzeak egiteko epe-muga.
2.- Ondoren, apirilaren 2tik aurrera eta hilabete guztian, bigarren formulario bat egongo da atxikitako erakundeen eskura. Horren bidez, burututako jardueraren aipamena egin eta ekitaldiko argazkiren bat igotzeko aukera izango da.
Haur eta Gazte Liburuaren Eguneko mezua
2016ko Haur eta Gazte Liburuaren Eguneko mezua Luciana Sardoni (Rio de Janeiro, Brasil, 1962) idazle brasildarrak idatzi du eta Ziraldo (Caratinga, Brasil, 1932) ilustratzailearena da karteleko irudia.
Behin batean
Behin batean, bazen... Printzesa bat? Ez.
Behin batean bazen liburutegi bat.Eta behin batean bazen Luisa ere, liburutegira lehen aldiz joan zena.Neskatila poliki-poliki zebilen han, motxila gurpildun handi bati tiraka.Txundituta begiratzen zion guztiari:apalak eta apalak zeuden, liburuz beteak.Mahaiak, aulkiak, koloretako kuxinak, marrazkiak eta afixak paretetan.
─Argazkia ekarri dut─ esan zion herabe liburuzainari.
─Oso ondo, Luisa! Fitxa egingo dizut. Bitartean, aukera ezazu liburu bat.Badakizu liburu bat bakarrik eraman dezakezula etxera, ezta?
─Bat bakarrik?─ galdetu zuen etsipenez.
Une hartan bertan telefonoak jo zuen eta liburuzainak eginkizun zail hartan utzi zuen neskatila: liburu bakar bat aukeratu beharra apal asko eta liburu ugariren artean. Motxilari tira egin eta bila eta bila aritu zen Luisa, bere liburu kutuna aurkitu arte: Edurnezuri. Azal gogorreko argitalpena zen, irudi eder-ederrak zituena. Liburua eskuan zuela, motxilari bultza egin zion orain eta, irteteko zorian zegoela, norbaitek bizkarra ukitu zion. Neskatila jiratu eta sustoarekin ia erori zen atzeraka: izan ere, Katu Botaduna zen bere liburua eskuan, hobeto esanda, hanka artean zuela!
─Egun on, zer moduz dago izeba?─ galdetu zion gur eginez.
─Luisa, zuk ez dakizkizu buruz printzesa-istorio horiek guztiak?Zergatik ez duzu eramaten nire liburua, Katu Botaduna, askoz dibertigarriagoa da-eta?
Luisak, ahozabalik, ez zekien zer erantzun.
─Zer gertatzen zaizu? Katuak mihia jan dizu, ala? ─ esan zion txantxetan.
─Katu Botaduna zara, benetan?
─Bai, bera, hezur eta mami! Eraman nazazu etxera eta dena jakingo duzu neure eta Karabasko Markesaren istorioaz. Neskatilak, zer esan ez zekiela, buruaz baiezkoa besterik ez zuen egiten. Katu Botaduna magiazko mugimendu batez bere liburura itzuli zen eta Luisak, liburutegitik irteteko zorian zegoela, berriro ukitu bat sumatu zuen bizkarrean. Bera zen: “elurra bezain zuri, masailak arrosak bezain gorri eta adatsa ebanoa bezain beltz”. Asmatu duzu nor?
─Edurnezuri!?─ Luisak, txundituta.
─Luisa, eraman nazazu zeurekin. Argitalpen hau─ esan zion bere liburua erakutsiz─ Grimm anaien istorioaren egokitzapen zuzena da.
Neskatila liburua hartzeko zorian zegoela, Katu Botaduna agertu zen haserre samar:
─Edurne, dagoeneko Luisak aukeratu du. Zoaz zeure sei ipotxekin.
─Zazpi dira eta ez sei! Eta Luisak ez du oraindik aukeratu!─ erantzun zion Edurnezurikgorri-gorri suminduta.
Biak neskatilari begira zeuden erantzunaren zain:
─Ez dakit zein eraman... denak eraman nahi nituzke...
Bat-batean, erabat ezustean, zerbait sinesgaitza gertatu zen: beren liburuetatik irteten hasi ziren: Errauskine, Txano Gorritxo, Loti Ederra eta Rapunzel. Benetako printzesen talde bat zen.
─Luisa, eraman nazazu zeure etxera!─ erregutu zioten guztiek.
─Nik lo pixka bat egiteko ohea, besterik ez dut behar─ esan zuen Loti Ederrak, aharrausika.
─Bai, ehun urte bakarrik─Katuak, isekaz.
─Etxea garbituko dizut, baina, hori bai, gauean festa dut....
─…Printzearen gazteluan!─oihu egin zuten guztiek.
─Otarrean opilak eta ardoa ditut. Nork nahi du mokadutxo bat egin?─ eskaini zuen Txano Gorritxok.
Eta pertsonaia gehiago joan ziren agertuz: Ahatetxo Itsusia, Pospolo Saltzailea, Berunezko Soldadutxoa eta Neskatila Dantzaria:
─Luisa, gu ere joan gaitezke zurekin? Andersenen pertsonaiak gara─ eskatu zion Ahatetxo Itsusiak, benetan hain itsusia ez zenak.
─Bero dago zure etxea?─ galdetu zion Pospolo Saltzaileak.
─Ai ene, beheko sua baldin badago han, hobe gu hemen geratzea…─ esan zuten Soldadutxoak eta Neskatila Dantzariak.
Bat batean, guztien aurrean, otso tzar bat agertu zen, iletsua, oso iletsua, hagin zorrotz-zorrotzak zituena:otso maltzurra zen!
─Otso, zergatik duzu ahoa hain handia?─ galdetu zion Txano Gorritxok ohituraz.
─Nik babestuko zaituztet!─ bota zuen Berunezko Soldadutxoak ausardia handiz.
Orduan, otsoak bere aho tzarra zabaldu eta… Denak jan zituen? Ez. Loguraren loguraz, aharrausi egin eta esan zien bake-bakean:
─Zuek lasai, e! Ideia bat eman nahi nizuen, besterik ez. Luisak Edurnezuri liburua eramango du, eta gu bere motxilan sartuko gara, aski handia da eta.
Oso ideia ona iruditu zitzaien guztiei.
─Luisa, utziko diguzu zurekin joaten?─ galdetu zion Pospolo Saltzaileak, hotzak dardarka.
─Bai, noski!─ esan zien Luisak, motxila zabaltzen hasita.
Pertsonaiak ilaran jarri eta banan-banan sartu ziren motxilara:
─Lehenengo, printzesak!─ eskatu zuen Errauskinek.
Azkenean, brasildar pertsonaiak ere agertu ziren: Sací, Caipora, trapuzko panpina oso berritsua, mutiko txoro-txoroa, diru-zorro horiko neskatila, gorputzari erantsia birramonaren argazkia zuena, errege txiki larderiatsua. Denak sartu ziren.
Motxilak izugarri pisatzen zuen. Bai pertsonaia astunak! Luisak Edurnezuri liburua hartu zuen eta liburuzainak bere fitxan idatzi zuen guztia.
Geroxeago, neskatila poz-pozik iritsi zen etxera. Sukaldetik galdetu zion amak:
─Zer, alabatxo, iritsi zara?
─Baiiii, amatxo, iritsi gara!
Luciana Sandroni
Euskaratzea:Iñaki Mendiguren
Egileak:
Luciana Sardroni:
Rio de Janeiron jaio zen 1962an; haur eta gazteentzako liburuen idazlea da, besteak beste, MinhasMemórias de Lobato, Laertek irudiztatua; honekin haur-liburu onenaren “Jabuti” saria irabazi zuen, haur-liburu onenaren “FNLIJ” saria, eta IBBYren Ohorezko Zerrendarako ere proposatu zuten. O Márioquenãoé de Andrade liburuak, Spacca-ren irudiekin, haur-liburu onenaren “FNLIJ” sariajaso zuen.
2010ean, Lucianak Peace Story liburuan hartu zuen parte, eta Hego Korean argitaratu zen, RogerMello-ren irudiekin. Sandroniren pertsonaiarik ospetsuena Ludi da, eta lehenengo tituluak, Ludi vai à praia eta Ludi na TV antzerkirako ere egokitu zituzten. Pertsonaia berarekin idatzitako beste liburu batzuk dira Ludi naRevolta da Vacina (Carioquinha saria, Rio de Janeiroko Udalak emana), Ludi nachegada e no botafora da Familia Real eta Ludi e os fantasmas da Biblioteca Nacional. Guztiak sartu zituen ‘oso gomendagarriak’ kategorian Fundação Nacional do Livro Infantil e Juvenil (FNLIJ)erakundeak.
Ziraldo:
Caratinga-n, MinasGerais-en, jaio zen 1932an, eta gaur egun Rio de Janeiron bizi da.Ilustratzailea da, diseinatzailea, marrazkilaria eta karikaturagile politikoa.1969an Flicts argitaratu zuen, klasiko bihurtu zena, eta 1980an O meninomaluquinho eman zuen argitara: antzerki, telebista eta zinemarako egokitu zen, eta haurrentzako lehen opera brasildar bihurtu zen.2010ean, ZiraldoriQuevedo Saria eman zion Alcalako Unibertsitateak (Espainia).Bere liburuak Latinoamerika osoan itzuli eta argitaratu dira, baita handik kanpo ere, adibidez, Japonian eta Korean.Ziraldo hiru aldiz proposatu du FundaçãoNacional do Livro Infantil e Juvenil (FNLIJ) erakundeak HansChristianAndersen sarirako