Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-11-30

"Haur eta Gazte Liburua kultura aniztasunean" liburua salgai dago 5 eurotan

Desberdin irakurriz: Haur eta Gazte Liburua Kultura Aniztasunean lelopean, 2008ko uztailean Donostian egin zen Haur eta Gazte Liburuari Buruzko OEPLIren IV. Iberiar Biltzarrean aurkeztutako artikuluak bildu ditu Galtzagorri Elkarteak, Erein argitaletxearekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta.

Liburua Galtzagorri Elkartean bertan eros daiteke (5€) edo e-posta bidez (galtzagorri@galtzagorri.eus) eskaera eginda eskura daiteke. Bidalketa gastuak norberak ordaindu beharko ditu. 

Liburu honen edizioaz Izaro Arroita, Mari Jose Olaziregi eta Itziar Zubizarreta arduratu dira. Bertan, biltzarrean aurkeztutako artikuluak bildu dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Liburuaren sarreran editoreek adierazten duten bezala, haur eta gazte literaturaren esparru akademikoan kultura aniztasunak sortu duen hausnarketa kritiko eta teorikoaz egin ziren ekarpenak jaso dituzte liburu honetan. Horien artean dira maila handiko hainbat irakasle: Buffalo Unibertsitateko (New York, AEB) Karen Sands, Vigoko Unibertsitateko Veljka Ruzick eta Lagunako Unibertsitateko Jesús Días Armas.

Horrez gain, Elisa Bonilla (Mexikoko Irakurkeya Programa Nazionalaren sortzailea) 2002tik 2007ra bitartean Mexikon egin zen irakurzaletasuna sustatzeko kanpainari buruz esandakoak eta Felix Etxeberriak aurkeztutako "Ikasle etorkinak Europan gizarteratzen: Euskal Herriko kasua" izeneko artikulua ere biltzen ditu liburuak.

Bestalde, biltzarrean aurkeztu ziren txostenak biltzen dituen CD bat ere badu argitalpen honek.