Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-03-23

Hasi gara lehen book trailerrak jasotzen

Dagoeneko hasi gara Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako lehen book trailerrak jasotzen. Datozen egunetan ikusgai jarriko ditugu gure Liburu Gaztea web guneko Lehiaketa atalean. Gogoan izan lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 13a dela!

Bi modutan har daiteke parte lehiaketan: Ikastetxeen kategorian edota Norbanakoen kategorian. Baina ezin da book trailer bera aurkeztu bi kategoriatan.

Ikastetxeen kategorian parte hartzen ari diren ikastetxeak lehiaketan izena emanda daudenak dira. Norbanakoen kategorian, berriz, ez dago izena eman beharrik, nahikoa da bakoitzaren adinari dagokion liburua irakurri eta book trailerra berau lehiaketako azken eguna baino lehen bidaltzea.

Irabazleak epai-mahai batek hautatuko ditu. Epai-mahaia lau lagunek osatuko dute: Galtzagorri Elkarteko zuzendaritzako kide bat, Liburu Gaztea Batzordeko kide bat, ikus-entzunezkoen aditu bat, eta idazle bat.

Ikastetxeen kategoriako irabazleak hautatzeko garaian epai-mahaiak bi multzotan banatuko ditu lanak: DBH1-DBH2 multzoko lanak eta DBH3-DBH4 multzokoak. Hortaz, bi sari nagusi banatuko dira Ikastetxeen artean. Eta ez da bigarren eta hirugarren saririk izango.

Norbanakoen kategorian, ordea, maila guztiak batera lehiatuko dira, parte hartze txikiagoa izaten baita sail honetan.

Publiko zabalak ere izango du bere iritzia emateko aukera. Orain arte bezala, boto bidez hautatuko da PUBLIKOAREN SARIA jasoko duen book trailerra. Edonork eman ahal izango du botoa, baina bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du, kategoria bakoitzean boto bana emateko aukerarekin.

Martxoaren 27tik maiatzaren 15era bitartean egongo da bozkatzeko aukera. Orduan aktibatuko da web gunean BOZKATU atala. Hortik bakarrik eman ahal izango da botoa, eta  bozkatzen dutenen artean, e-reader bat zozkatuko da.

SARIAK:

1. IKASTETXEKA:

1.1. DBH1-DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

1.2. DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

2. NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

3. PUBLIKOAREN SARIA:

3.1. Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

3.2. Norbanakoen kategorian: e-reader bat

4. BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

EGUN GUTXI GERATZEN DIRA, BERAZ, ANIMATU ETA PARTE HARTU!