Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-03-21

Hasi dira Irakurzaletasuna Sustatzeko Irakasleentzako Lantegiak

Galtzagorri haur eta gazte literatura elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak antolatuta, Irakurzaletasuna Sustatzeko Irakasleentzako Lantegiak martxan dira jada. Aurtengoa bigarren ekitaldia da eta Galtzagorriko aditu Intza Alkainek eta Saroa Bikandik iaz baino nabarmen saio gehiago egingo dituzte; hain zuzen, iaz 70 saio egin bazituzten hiru lurraldeetako eskoletan, aurten 100 bat egingo dituzte.

Lantegien helburua da irakurzaletasuna sustatzeko ezinbesteko bitartekari diren irakasleei lanerako erremintak ematea. Galtzagorriko adituak liburu bete gurdiekin iritsiko dira ikastetxeetara eta liburu bakoitza lantzeko estrategiak eskainiko dizkiete irakasleei. Oraingoan 41 liburu berri bildu dituzte gurdietan; 15 liburu DBHko irakasleei zuzendutakoak dira eta 26 HHkoei nahiz LHkoei. Aurtengo liburu zerrenda eta bakoitzari dagokion estrategia lerroen laburpena gida batean jaso dituzte; gida hori eskoletan banatuko dute. Galtzagorrik sortutako Amattoren Uzta app-a eta irakurzaletasuna bultzatzeko beste app batzuk ere erakutsiko dituzte.

Lantegi erabat praktikoak dira

Saio guztiak irakasleei zuzendutakoak dira eta bertatik bertara egingo dituzte eskoletan. Adituak hara joango dira ikastetxeekin adostutako hitzorduan. Eguerdian edo arratsaldean egingo dituzte saioak. Tokiko udal liburutegien eta eskolen arteko elkarlana hauspotzeko, irakasleekin batera liburuzainak arituko dira lantegietan. Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak erabat praktikoak dira. Liburu zerrendak aletu eta liburu bakoitza ikasleei erakargarri egiteko estrategiak eskainiko dizkiete Galtzagorriko adituek.