Hemeroteka

2023-10-17

Hasi da Literatur Aretoen bira

Lau Literatur Areto eramango ditugu Gipuzkoako beste hainbeste herritara Aldundiari esker eta Gipuzkoako Haur Literatur Aretoen Zirkuituaren barruan. Aurtengoan aretoak Hernaniko, Elgoibarko, Oñatiko eta Ordiziako liburutegietan izango dira. Berritasuna Shhhhuuumendia liburu mutuen eztanda aretoa da. Areto horrek hitzik gabeko liburuak jorratzen ditu eta horretarako IBBYk Lampedusa irlan egindako Silent Books egitasmoa hartzen du abiapuntutzat.

Galtzagorriko aretoak literatur jolasak dira non haurren nahiz gaztetxoen parte-hartze aktiboa beharrezkoa den. Arte diziplina ezberdinak biltzen dituzte aretoek, hala nola musika, pintura, diseinua, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota animazioa. Euskarazko haur eta gazte literatura baliatuta, areto bakoitzak gai zehatz bat lantzen du. Helburuak euskarazko literatura suspertzea eta gaztetxoengan irakurtzeko zaletasunaren harra ereitea dira.

Zazpigarren urtea da Jolas eginez irakurzaletu goiburupean Galtzagorrik aretoen zirkuitua Gipuzkoan barrena daramala. Hona aurtengo lau aretoak, non eta noiz:

Itsaspeko bihotzak aretoa. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Hernaniko Biteri kultur etxean, urriaren 17tik 24ra; saio gidatuak egingo ditugu.

Aliziaren burutazio miresgarriak, Alizia herrialde Miresgarrian liburuan oinarri duen aretoa. Elgoibarko liburutegian ikusi eta bisitatu ahal izango dute haurrek azaroaren 15etik 24ra.

Hizki hazka, alfabetoari eskainitako aretoa, azaroaren 20tik 27ra, Oñatiko haur liburutegian.

Shhhhuuumendia liburu mutuen eztanda aretoa. Ordizian egingo dugu estreinaldia, azaroaren 24tik abenduaren 4ra.