Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-02-05

Hasi da hirugarren BIKO-TEKA

17 lagun bildu dira goizetik Iruñeko Descalzos kaleko udal aretoan. Aste osoa dute aurretik idazle eta ilustratzaile bikote eta hirukoteek lan egiteko. Album ilustratua nola pentsatu, idatzi, ilustratu, sekuentziatu eta argitaratu landuko dute Biko Teka tailerraren baitan. Lehenengo egunetik ari dira istorioak sortzen eta lantzen Aitziber Alonsok eta Harkaitz Canok gidaturik.

Lehendabizi iratzargailu ariketa bat jarri diete irakasleek sortzaileei. Norberak ekarri duen elementu pertsonala beste norbaiti pasa dio. Eta hark kontatu behar izan du gauza horren bitartez haren jabearen istorioa. Gero benetako jabeak besteak kontatutako istorioa osatu edo zuzendu du. Irudimena libre beraz lehen ordutik Biko Tekan.

Datozen egunetan ariketa pila egingo dituzte album ilustratuaren sormen prozesuaz jabetzeko. Eta elkar ezagutzeko. Eta bikote eta hirukoteek album ilustratu baten proiektua jarriko dute abian.

 

BIKO-TEKAren arrakasta

Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan garatuko duen hirugarren Biko-Teka izango da aurtengoa. Hasieratik tailer honen xede nagusia izan da parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatzea. Helburu hori erreparatuta, orain arteko tailerren arrakasta handia izan da. Izan ere, bi edizio horietan abiatutako albumak suertatu dira Haurrendako Etxepare Album Ilustratu Sarian garaile. 2017an Paula Estevez eta Ainara AzpiazurenArraroa” albuma gailendu zen; 2018an, berriz, Dani Martiarena eta Ana Ibañezen “Cosimoren Katiuskak”. Bi albumak Pamiela argitaletxeak argitaratu ditu.