Hemeroteka

2024-01-29

Hasi da BIKO TEKA

Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzarekin eta Etxepare Sarien antolatzaileen babesarekin antolatzen duen BIKO-TEKA tailerraren 8. edizioa hasi da Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Hautatuak izan diren zortzi bikoteak lau eskutara arituko dira urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra bitarte albumak sortzen, Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea bidelagun dituztelarik. Astelehenetik ostegunera goizez eta arratsaldez arituko dira lanean eta ostiral eguerdian emango diote amaiera egonaldiari.

BIKO-TEKA martxan jarri zenetik igaro diren zortzi edizioetan sortzaileen topagune bihurtu dela esan genezake. Horrexegatik, bikoteka lan egiteaz gain, parte-hartzaileek taldean aritzeko, elkar laguntzeko eta aholkatzeko aukera ere izanen dute astean zehar.

Tartean, euskal albumaren ikuspegia zabaltze aldera, Pamiela argitaletxeko Carmen Elviraren eta Ikaselkar argitaletxeko Idoia Arozenaren eta Junkal Lertxundiren bisita izanen dute. Hiru orduz egongo dira haien proiektuak aurkezten eta BIKO TEKAko ilustratzaile zein idazleekin hartu-emanean.

Hamasei parte-hartzaileek osatutako taldea oso anitza da aurten ere. Lanbide edo formakuntzari dagokionez, arte ederren, arkitekturaren, ilustrazioaren, irakaskuntzaren, ikus-entzunezkoen, antzerkigintzaren, zirkuaren edota ipuin kontalaritzaren eremuetatik datoz, besteak beste.

Tailerrari hasiera emateko, bikoteek esku artean dituzten proiektuak aurkeztu eta dituzten ideiak, kezkak zein korapiloak partekatzeko aukera ere izan dute. Canok eta Alonsok esan dutenaren arabera, bidean ezer galdu gabe proiektuak asko sinplifikatzeko bidea egingo dute datozen bost egunetan, askotan ezkutatutakoan edo zeharka esandakoan baitago gakoa. Proiektuak goitik behera astinduko dituen aste trinkoa dute aurretik, beraz, baita sormenerako eta sorkuntzarako aukera paregabea ere.