Hemeroteka

2024-05-31

Hamabi emakume ilustratzailek parte hartuko dute Marrazioak tailerrean

Marrazioak ilustratzaileen tailerraren 16. edizioa egingo dugu ekainaren 24tik 28ra Igeldoko Undermount elkartean. Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaileak gidatuko dute Mozorroen egia izendatu duten tailerra. Itxi dugu izen-ematea, eta gidariek parte hartuko duten ilustratzaileak aukeratu dituzte. Hamabi dira, guztiak emakumeak: Ines Alba, Lorena Martinez, Xara Agirre, Leire Kareaga, Andrea Costas, Maria Ortiz, Izaskun Canales, Maider Alday, Noelia Sierra, Irene Irureta, Ainara Azpiazu eta Olaia Martinez. 

Tailerraren tituluari Oscar Wilde idazlearen aipu bat gehitu diote: "Eman maskara bat eta egia esango dizuet". Izan ere, mozorroen sinbologian barneratuko dira eta kultura guztietan errepikatzen den mozorrotzeko joera hartuko dute ilustraziogai. Tradizioaz harago, mozorrotzeak identitate aldaketaz gain, entitate aldaketa eragiten duela diote, "beldurrak eta konplexuak gainditu, eta etorkizunera proiektatzeko modua ere badira". Azken batean, mozorroen gaiaren bitartez pertsonaiak sortuko dituzte ilustratzaileek, eta lanketak, bide batez, pertsonaia horiekin dituzten loturak arakatzeko aukera emango die. 

Canok eta Blanchek hainbat erreferentzia erabiliko dituzte gaia jorratzeko eta ilustratzaileek beren kabuz aritzeko denbora ere izango dute. Tailerraren ordutegia jarraitua izango denez (10:00-18:00), parte-hartzaileak elkarrekin egongo dira lanaz harago Marrazioak tailerrak ilustratzaileen topagunetik ere baduelako.