Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-04-10

Gurrutxagatarrak irabazle Etxepare Sarian

2009ko Etxepare Saria jaso duen "Alex nire munstro-lagun on-ona" album ilutratuak neskato bat eta bere lagun ikusezinaren arteko harremana kontatzen du. Irudiei dagokionez, ausarta dela aipatu du epaimahaiak. Honen iritziz, xarma berezia lortzen du irudiaren eta idazkeraren arteko uztardura liluragarriarekin. Hain zuzen, aurtengo Etxepare Sariko epaimahaiko kideak Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleak eta Mikel Valverde eta Aitziber Alonso ilustratzaileak izan dira. Guztiak ere Galtzagorriko kideak.

 

Gurrutxaga anai-arrebek 6.000 euroko sari bakarra jasoko dute eta lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta Faktoria K de Libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz.

 

Bestalde, apirilaren bukaeran izango da kalean "Katalina Txitxarra" iazko Etxepare Bekaren lan irabazlea. Iñaki Zubeldiak idatzi eta Estibaliz Jalonek ilustratutako album hau Pamielak argitaratuko du euskaraz eta Faktoria K argitaletxeak gaztelaniaz eta galizieraz.

Aurreko bi edizioetan berriz, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenak burututako "Gerlari Handia" eta Joxan Ormazabal eta Iraia Okinak sortutako "Zirkua amets" suertatu dira Etxepare Bekaren irabazle. Aipatutako guztiak dira Galtzagorri Elkarteko kideak.

 

 

Deialdi berria

Dagoeneko zabalik da 2010eko Haurrentzako Album Ilustratua Etxepare Sarira lanak aurkezteko epea. Sari honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izango dira. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Eta lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte hartu liteke. Beti ere, aurkeztutako albumak ez dira 20 cm X 21cm baino txikiagoak izango , eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izango dituzte. Testuak lerro-arte bikoitza utzita idatziko dira, eta ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko.

 

Parte hartu nahi dutenek lanak bidali behar dituzte 2010eko azaroaren 30a baino lehen honako helbide honetara: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).

 

Lehenago bukatuko da, 2010eko irailaren 15ean, Lazarillo Sariko Album ILustratuko alorrean lanak entregatzeko epea. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek OEPLIko Idazkaritzara (Santiago Rusiñol, 8, 28040 Madril) bidali behar dituzte ilustrazioen originalak, maketa eta CDa. Saria 8.000 eurokoa da.

 

 

Historian atzera

Album Ilustratua Lazarillo Saria Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Erakundeak (OEPLI), Kultura Ministerioaren babesarekin antolatzen du. Lazarillo Sariak 1958. urtean sortu zituen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sari hauek antolatzearen ardura. Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko produkzioa bultzatzeaz gain, haurrentzako album ilustratuen produkzioa sustatzea ere bada.

 

Egun bi sail ditu lehiaketa honek: bata, Album Ilustratuarena; bestea, Literatur Sorkuntzarena. Azken honetan, aurten haurrentzako literatur lanak aurkeztu behar dira 2010eko maiatzaren 30a baino lehen. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaide izanik, sari hauetako epaimahaian parte hartzen du urtero.

 

Etxepare Saria berriz, 2004an sortu zen. Garai hartan, Nafarroako hainbat toki entitatek, haien Euskara Zerbitzuen bitartez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusi zuten, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzea erabaki zuten: Etxepare Literatur Sariak.

 

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta alde horretatik, ekimen berritzailea da.

 

2009an, Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu zen. Sari honen antolatzaileak Nafarroako 16 toki entitate dira (udalak, Mankomunitateak...). Laguntzaile dira berriz, nafarroako Gobernua-Euskarabidea, Pamiela argitaletxea eta Faktoria K de Libros.