Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-03-07

Guk ere maite ditugu liburutegi publikoak

Herritarren parte-hartzea sustatu nahi du Madrilgo Udaleko Arteen ordezkari den Fernando Billalongak. Horregatik eskatu die "laguntza eta kolaborazioa" Madrilgo liburutegi eta gune kulturaletan bizilagunak bilduko dituzten etorkizuneko proiektuak martxan jartzeko. Hori bakarrik ez: Carabanchel auzoko hiru bizilagun elkarteei zera eskaini die: liburutegietan eta kultur animazioko beste zentro batzuetan lan egingo luketen pertsonak hautatzeko prozesuan parte hartzeko, Udaleko Artxibo eta Liburutegien Zuzendaritzarekin batera. Eta zera bururatu zaio: erretreta hartua duten bibliotekari zein artxibozainek zentro hauetan ordu batzuetan kolaboratzea.

Madrilen, Fernando Villalongak proposamen erakargarri hauek egin zituen hirian, hiru liburutegi dituzte irekitzear: Carabanchel Auzokoa, Conde Duque-koa eta Casa Fieras-ekoa. Oraingoz, eta Carabanchelgo hori ireki bitartean, elkarteek aukera dute liburutegia izango denaren areto ezberdinak erabiltzeko.

Orokorrean, ordea, Espainiako Estatuko liburutegien egoera ez da hori. Liburutegi askok euren ateak ixten jarraitzen dute. Liburutegien aurrekontuak murrizten ari dira, langileak azpikontratatu egiten dira, ordutegia murrizten ari dira askotan, irakurketa sustatzeko ekintzak egiteko ezintasuna nabaria da nonnahi.

Liburutegiak bakarrik ez, liburuari dagokion sektore osoa dago krisi ekonomikoak jota. Aldizkariak (Revista de Libros aldizkaria desagertu da, baita Educación y Bibliotecas ere), liburuen salmenta Espainiako Estatuan %4 jaitsi da, Bookscan Nielsen-ek argitaratutako ikerketaren arabera. Salmenta gehien jaitsi diren liburuak, gainera, helduentzako fikziozko liburuak (-8%) eta Haur eta Gazte Liburuak dira (-6%)...

Egoera orokorra da, beraz. Badago datu baikorrik, ordea: 2011ko Kultura Estatistiken Urtekariak dioenez, egile eskubideei lotutako ekimen ekonomikoek Estatuko Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena %3,6koa da. Portzentaje honen barruan, %36,9a liburuek eta prentsak hartzen dute. 2010ean Espainian zeuden 103.134 kultur enpresetatik, %8,6ak liburuak, egunkariak eta bestelako edizio lanak egiten zituen. 

Maitasuna eta liburutegiak

Liburutegiek mendez mendeko milaka altxor jasotzen dituzte euren apalategietan. "Zenbait gauzek ez lukete gertatu behar"  dio "Yo AMO a las Bibliotecas Públicas" izeneko Facebook-eko talde batean parte hartu duen batek. Talde honek irakurketa eta informazio zerbitzu publikoak gorde nahi ditu. Bizirik jarraitzea nahi du. Hori dela eta joan den otsailaren 4an, Britainia Handian ospatzen den National Libraries Day-n oinarriturik hainbat ekimen antolatu ziren. Besteak beste, Biblioteketan ordaindutako maileguaren kontrako Plataformak eguerdiko 12:00etan liburutegi publikoak besarkatzera deitu zituen liburutegiak maite zituzten pertsonak. 

Aipatu "Nik liburutegi publikoak MAITE ditut" taldeak logoa sortu du (goiko irudian dagoena). Eta irudi horrekin kamisetak lor daitezke 5, 50 euroren truk ondoko helbideotan: 

SEDIC elkartean, Santa Engracia, 17, 3º. 28.010 Madril

Eta laster Traficantes de Sueños liburudendan: Embajadores 35, 6. lokala. 28012 Madril.

Marea horia ari da pixkanaka zabaltzen.