Hemeroteka

2021-11-05

GONAGORRI podcast-a sortu du Galtzagorri elkarteak

Gonagorri Galtzagorri Elkartearen lehenengo soinu-abentura da. Podcast-ek azkenaldian duten tiradizoa ikusita, haur- eta gazte-literaturari buruzkoa egin nahi izan dugu, eta euskaraz egin ere.

GONAGORRI, Galtzagorriren Haur eta Gazte Literaturari buruzko podcastak badu dagoeneko bere lekutxoa Galtzagorriko web gunean. Baina entzun daiteke baita ere Spotify, Ivoox eta Baleafunk plataformen bidez. Lehendabiziko atala, sexuari eta gazte literaturari eskainitakoa, bertan duzu, entzun nahi baduzu. Horretarako sar zaitez esteka honetan.

 

Atalka

Galtzagorriko Podcasta hilabetekaria izateko borondatez jaio da. Nor izango duen entzule? Gazteak eta haiekin lanean ari diren bitartekariak ditu jomugan. Gonagorriren atal bakoitzean gai batez mintzatuko gara, 15 bat minutuz. Miriam Luki kazetariak gidatuko ditu bertako elkarrizketa eta erreportaje nagusiak. Ondoren kontaketari eskainitako atala egongo da, zeinetan, atal bakoitzean, kontalari ezberdinek parte hartuko duten. Eta Lore Agirrezabalek egindako liburu-gomendioarekin amaituko dugu podcast bakoitza.

Edizio lanak Maddi Orcajok hartuko ditu bere gain eta podcasta girotuko duen musika Maite Larbururen “Gona” abestia da. Gainera, web gunean zintzilikatzen dugun podcastaren atal bakoitzak Concetta Probanzak berariaz egindako ilustrazio bat izango du atal horrek lantzen duen gaiari lotutakoa. Aldiz, Ivoox, Spotify eta Baleafunk plataformen bitartez iristen bazara Galtzagorriren soinu-abenturara, Elena Odriozolak Gonagorriri berariaz egindako irudia ikusiko duzu.

 

Lehenengo atalaren sekretuak

Sexua eta Gazte Literatura lantzeko Mireia Delgado pedagogoa eta Galtzagorriko hainbat literatur areto eta irakurketa klubetan lan egiten duen kidea elkarrizketatu dugu. Zalantzarik gabe, gaia gurean oso landuta ez badago ere, Delgadok badu iritzia, badu eskarmentua eta badu jakintza. Bien bitartean, Antton Kazaboni eskatu genion Erotik (Denonartean, 2020), Jokin Mitxelena ilustratzailearekin ondutako liburuaren irakurketa-kontaketa bat egiteko. Sexuari lotutako liburu-gomendioa Lore Agirrezabalen ahots eztiari eskatu diogu.

Lehendabiziko atalaren ondoren, datorren astean argitaratuko dugu bigarrena, ahozko tradizioaren ingurukoa. Eta segidan joango dira hurrengoak ere.

Gonagorri podcast-aren abentura hasi baino ez da egin!