Dagoeneko, kalean da Behinola aldizkariaren 34. zenbakia. Hausnarketarako bide emango duten orriz bete dugu, gainera.
Zenbaki hau gai mingots baten inguruko gogoetarekin datorkigu, 2016an jakin baitugu EAEko sare publikoan lan egiten duten eskola-liburuzainak geroz eta gutxiago izango direla, Eusko Jaurlaritzak ACEX programa etetea erabaki baitu. Duela 20 urte sortu zen programa horrek bideratu zuen sare publikoko ikastetxe gehienetan eskola liburutegiak martxan jartzea, eskola orduetatik kanpoko zerbitzu gisa eta horretaz arduratuko zen profesional batekin. Baina urteurrenarekin batera jakin dugu programa bertan behera geratuko dela, eta, dagoeneko, erretiroa hartu duten eskola-liburuzainen lanpostuak desagertzen hasiak dira.
Mahaiaren bueltan bildu ditugu Euskal Herriko eskola liburutegian egoerez eta, oro har, eskola liburutegien beharraz hausnartzeko Idoia Sobrino liburuzain nafarra, Amaia Hennebutte idazle, irakasle eta literaturzale lapurtarra, eta, Iñaki Markotegi eskola liburuzain gipuzkoarra eta Galtzagorri Elkarteko lehendakaria. Fernando Lenguasen eta Idoia Sobrinoren iritzi artikulu interesgarriekin osatu dugu zenbaki honetako gai nagusia, zeinak salaketa kutsua hartu duen arren, gogoetarako gaia ematea baitu helburu.
Horrez gain, luxuzko kolaborazio batekin osatu dugu Behinola hau. Lolo Rico eta bere seme Santiago Alba Rico literaturaz, irakurketaz eta egungo guraso eta haurren arteko harremanaz mintzatu dira Lau Eskutara atalean: Denbora eta tribua eta Haurrak helduak eta beste zozokeria batzuk. Hartu astia ama-semeen iritziak irakurtzeko, benetan merezi du eta.
Alizia lurralde miresgarrian nola, bada, hala murgiltzen gara gu ere literaturaren munduan, Behinola aldizkaria osatzen hasten garen aldiro. Halaxe egin dute Xabier Olasok eta Amaia Arrazolak ere zenbaki honetarako sortu duten ipuin ilustratuan. Arrazolarena da, zenbaki honen azalean ikus dezakezun ilustrazioa ere.
Gehiago ere aurkituko duzu orrialde hauetan, luxuzko kolaborazioz jositako aldizkaria osatu baitugu oraingoan ere.