Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-11-27

Getxoko XII Komiki Azoka

Komikizaleen urteroko hitzordu bilakatu da Getxoko Komiki Azoka. Aurten hamabigarren edizioa du eta asteburu honetan izango da, gaurtik igandera bitartean (azaroaren 22tik 24ra).

Ohi bezala Areetako Geltokia plazan jarriko duten karpan bilduko dira komigintzaren inguruko alor guztiak. Erakusketa eremua, tailerrak, ekitaldi-aretoa eta argitaletxe, saltoki, erakunde, fanzine… eta komikiaren munduarekin lotutako hainbat sektorerentzako merkataritza-esparrua. Guztira 60 saltoki jarriko dituzte. Horietan izango dira, besteak beste, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Horrez gain, Azokan jarduera ugari izango dira datozen hiru egunetan.

Azoka goiz eta arratsaldez egongo da zabalik 11:00etatik 14:30era, eta 17:00etatik 21:00etara.

Bi omenaldi lehen egunean

JAN (Juan López Fernandez) komikigile ospetsua omenduko dute aurten Getxoko Komiki Azokan. Superlópez pertsonaia famatuaren sortzaileak "Pulgarcito" (Erpurutxo) haurrentzako sailarekin ere ospe handia lortu zuen. Eskarmentu handiko artista horri ez ezik, Luis Gasca dibulgatzaile gipuzkoarrari ere omenaldia egingo diote Getxon, bederatzigarren artearen inguruko hainbat entsegu idatzi eta komikiari loturiko ekimen asko bultzatu baititu Gascak. Omenaldia azokaren lehenengo egunean izango da, azaroaren 22an, 19:00etan.

Bestalde, aurtengo kartelaren egilea David Rubín komikigile galiziar ospetsua izan da.