Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-09-30

Gernikan egingo dute gaur Booktuberboom egitasmoaren ikasturte honetako lehenengo booktuber kedada

Martxan da Booktuberboom Lehiaketaren II. ekitaldia eta lehenengo booktuber kedada gaur goizean (irailak 21) egingo dute. Gernikan izango da. Aurten, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak elkarlanean martxan jarri zuten egitasmoak bidelagun berria topatu du, Gaztea irratia. Iaz egitasmoari babesa eman zion arren aurtengo edizioan antolatzaileen artean dugu Gaztea eta gaurko juntadizoan, Gernikako Elai Alai aretoan, 11:30etik aurrera, Ainhoa Etxeberria aktore eta irrati eta telebista aurkezleak booktube-ak egiteko urratsak azalduko dizkie 14 eta 18 urte bitarteko gazteei.

Azarora bitartean bederatzi kedada egingo dituzte guztira. Kedada horietako batzuetan gazteek pertsonaia ezagunak izango dituzte bidelagun eta haiek booktube-ak egiten ikusiko dituzte. Honezkero zehaztu daudenak honakoak dira:

• Irailak 26, asteazkena. Oñatiko liburutegian, 11:30etan.

• Irailak 27, osteguna. Aguraingo liburutegian, 11:30etan.

Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube-a. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa.

Booktuberboom egitasmoak booktube lehiaketa eta booktuber kedadak hartzen ditu. Kedada hauek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztelekuetan zein liburutegietan egingo dira. Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da. Nola? Ikus-entzunezko euskarriak baliatuta. Bide batez, euskal booktuber plataforma bat sortzea dute helburu. Dagoeneko egitasmoa euskal booktuber komunitatearen lehen hazia landatzen ari da. Iazko edizioan 50 booktubetik gora jaso ziren.

 

Aurreko urteko Booktuberboom Lehiaketa Jon Martinezek irabazi zuen eta gazte eibartarrak ETB1eko Gure Kasa saioan jaso zuen saria. Antton Kazabonen Erotik liburua aukeratu zuen bideo bidez gomendioa egiteko.

Lehiaketara lanak azaroaren 22ra arte aurkez daitezke. Parte hartzeko oinarriak blog honetan izango dira eskuragarri.