Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-11-29

Genero ikuspegitik begira etorri zaigu Gonagorri berria

Haur eta gazte literatura (HGL) eta generoa josi nahi genituen azaroko Gonagorrian, eta hitzordua norekin egin erabakitzen ari ginela, izen-zerrenda osatu eta Mireia Delgado pedagogoa, bitartekaria eta ipuin kontalaria agertu zen. Gonagorrin parte hartutakoa da, baina Galtzagorriko laguna ere bada –gure aditu kuttunen artean dago–, eta Mireiarengana jo genuen. Lehenengo Gonagorria berarekin egin genuen, Saran, Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literaturaren azokan, azoka bera ere lehena zen. Lubaki batean bageunde bezala egin genuen sexua eta HGL hizpide izan zuen pieza, lau hankan, grabazioa baliabide oso gutxirekin ondu genuen, ondu, bai, ongi atera zelako! Oraingoan, grabaketaren baldintzak askoz hobeak izan dira. Eguraldi txarra kanpoan baina aterpe hartzeko toki ezin hobea topatu genuen eta hitz eta pitz aritu ginen Mireiarekin. Konturatzerako, Gonagorrik genero ikuspegitik begiratzen zuen. 

Kontaketa Itziar Saenz de Ojerrek egin du eta aholkua Lore Agirrezabalek. Ez dizuegu argituko zer libururen kontaketa, ezta zer libururen gomendioa. Entzun gaitzazue!

Ilustrazioa, ohi bezala, Concetta Probanzarena da.