Galtzagorri Elkarteak, Nafarroako Hezkuntza Saileko Euskararen Sustapen eta Didaktika departamenduaren laguntzarekin, "Gazteen irakurtzeko zaletasuna, teknologia lagun" izeneko ikastaroa emango du datozen asteetan. Bereziki DBHko irakasleei zuzendutako saioak izango dira eta haien ikasleekin irakurtzeko zaletasuna sustatzeko baliabideak eta estrategiak landuko dituzte.
Geroz eta audiobisualago diren belaunaldien artean irakurzaletasuna sustatzeko bideoak erabiltzea eta Internet sarea baliatzea formula ezin hobeak direla ikusten ari gara azken urteetan. Hortaz, irakurketa sustatzeko eta "natibo digitaltzat" jo izan diren gazteenganaino modu erakargarrian heltzeko, haientzat komunikaziorako ezinbesteko tresna eta bide bihurtu diren bideoak eta Internet sarea baliatzea oso garrantzitsua dela uste dugu.
Galtzagorri Elkarteak gidatzen dituen Book Trailer Lehiaketa eta Galdakaoko Booktube Lehiaketan izandako esperientzian oinarrituta, bi baliabide horiei buruzko xehetasunak eta lantegi praktikoak ere egingo dira.
Halaber, irakurketa sustatzeko kalitatezko irakurgaiak ezinbestekoak direla aintzat hartuta, ikastaro honetan Euskarazko Gazte Literaturako kalitatezko eta ezinbesteko irakurgaien zerrenda bat ere landuko da, baita haietako zenbaiten lanketa didaktikorako proposamenak ere.
Lehen saioa urriaren 27an izango da, eta hurrengo biak azaroaren 3an eta 10ean, Jose Vila Ikastetxean.