Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-05-08

Gazteen irakurtzeko zaletasuna eta teknologia berriak ikastaroa eskainiko du Fernando Morillok

2003. urtean jarri zen abian Gipuzkoako Foru Aldundiari esker Liburu Gaztea Saria. Honen helburua gazteei euskarazko kalitatezko liburuen aukeraketa bat eskaintzea da batetik eta, bestetik, eskainitako horiek irakurtzera bultzatzea. Irakurtzeko zaletasuna sustatzea, alegia.

 

Horregatik, urtero, Galtzagorriko aditu batzorde batek 12-16 urte bitarte dituzten gazteentzako euskaraz argitaratu den uzta guztia irakurri eta honen aukeraketa bat egiten du, DBHko maila bakoitzeko 3 izenburu proposatuz.

Ondoren, Sarian parte hartzea erabakitzen duten Gipuzkoako ikastetxeek euren mailari dagozkion hiru izenburuen artean baten alde bozkatzen dute. Maila bakoitzean boz gehien irabazten dituzten liburuek Liburu Gaztea Saria jasotzen dute. Eta bozketa egiten duten ikastetxe eta ikasleen artean, bidaia bat eta liburu loteak zozketatzen ditugu.

 

Morilloren Liburu Gaztea

Liburu Gaztea irabazi zuen hain zuzen ere 2005-2006. ikasturtean Fernando Morillo idazleak Gloria Mundi izeneko liburuarekin. Fernando Morillok liburu andana idatzi ditu gazteentzat eta ikastetxez ikastetxe ibiltzen da eurentzako saioak eskainiz. Beraz euren zaletasunak oso gertutik ezagutzen ditu. Esan beharrik ere ez dago, Fernando Morillo teknologia berrien erabiltzaile  fina dela. Beraz, Galtzagorri Elkartetik uste dugu maiatzaren 6an Billabonan eskainiko duen formazio jardunaldiak estrategiak eskainiko dizkiela irakasle, bibliotekari, kultur teknikari, hezitzaile eta abarri gazteen irakurtzeko zaletasunaren helmugara iristeko.

 

Liburu Gazteako Aholkularitza Zerbitzua

Aurten, lehenengo aldiz, Liburu Gaztea Sariaz gain Liburu Gaztea Aholkularitza Zerbitzua jarri nahi izan dugu martxan. Aholkularitza Zerbitzu honen baitan, Galtzagorriko adituen batzordeak hautatutako liburuen inguruko unitate didaktikoak eskaintzen zaizkie izena ematen duten ikastetxeei. Izena eman dutenek gainera ekintzaren bat garatu beharko dute proposatutako hiru liburuen artean gutxienez horietako baten inguruan.

 

Aholkularitza Zerbitzu honi loturik eskaini nahi izan diegu dugu aurten lehen aldiz Liburu Gaztea programan era batean edo bestean parte hartzen duten ikastetxeei honako formazio jardunaldi hau. Liburu Gaztea programan izena eman duten ikastetxeetako ikasleek doan parte hartu ahal izango dute saio honetan.

 

Aukera baliatuta, Galtzagorri Elkarteak bere bazkide guztiei zabaldu nahi izan die aukera saio honetan parte hartzeko. Hori dela eta, parte hartu nahi duten bazkideek 10 euro ordainduko dute. Honezkero, 30 pertsonak baino gehiagok eman dute izena Billabonan garatuko den saiorako. Ikusi nahi duenak, hemen ikus dezake saioaren egitaraua.