Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-10-01

Gazteei zuzendutako Komiki Lehiaketa

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak euskarazko Parrapean I. Komiki Lehiaketa deitu du, 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Jatorrizko eta argitaratu gabeko lanak aurkeztu beharko dira Bilboko Begoña auzoko liburutegian. Epea urriaren 15etik azaroaren 15era izango da.

Santutxu-Begoña barrutian ospatuko den Parrapean Komiki Egunak jaialdiaren baitan antolatu da lehiaketa. Jaialdian, komiki istorioak euskaraz kontatzeko moduari buruzko tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak egongo dira. Lehenengo edizio honek gutxiengoan dauden hizkuntzetan argitaratutako komikietan jarriko du arreta.

Lanak banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dira. Komiki kategoria bakarra egongo da, euskaraz edo testu barik. Gaiak eta teknika libreak izango dira, baina istorioak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko du, eta kolorez edo zuri-beltzean egin ahal izango da. Lanek bi orrialde izango dituzte, A4 formatuan (bertikalean), eta posible izango da marrazkiak eskuz egitea edo teknika digitalak erabili eta komikia jpg formatuan aurkeztea, CD batean. Hemen dituzue oinarriak.

Lanak eskuz edo posta arruntez aurkeztu ahal izango dira, urriaren 15etik azaroaren 15era, Begoñako Udal Liburutegian. Azaroaren 29an Begoñako Udaltegian ospatuko den jaialdiaren amaiera ekitaldian hiru sari banatuko dira. Irabazleek zenbait marrazki eta informatika material jasoko dute, diploma batez gain, eta komiki irabazlea "Berton" aldizkarian argitaratuko da.