Uztailaren 2ra arte irekita dago Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak kultur-sormena bultzatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea. Hain zuzen, 12-18 urte arteko gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzeko diru-laguntzak dira. Guztira, 40.000 euro banatuko dituzte; bost laguntza emango dituzte, bakoitza 8.000 eurokoa. Diruz lagunduko duten bukaerako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez. Baldintza berberetan, beste modalitate batean, euskarazko literatura-testuen –ipuin nahiz nobela motzak– sorkuntzasustatzeko beste hainbesteko diru-laguntza sorta bat emango du Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak.
Hala modalitate batean nola bestean aurkezten diren proiektuetatik bi behintzat 30 urtez azpiko egileek idatzitakoak izan beharko dira, eta lau behintzat emakumeek idatzitakoak. Idazleek euren ibilbide artistikoaren laburpena aurkeztu beharko dute. Izenik gabeko dokumentazioan idatziko duten testuaren lagina –5.000 karaktere– eta bukaerako testua argitaratzeari zuzendutako sustatzeko plana ere atxiki beharko dituzte.
Deialdiaren agindua maiatzaren 31n argitaratu zuten, eta ebazteko epea, data hori aintzat hartuta, sei hilabetekoa da. Diru-laguntzaren %50 esleipen-ebazpena ematen denean jasoko du egileak eta gainerako %50 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagunduko den sormen-lana bidali, eta lan hori Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu eta gero.
Eskatzaile bakoitzak ezingo ditu bi proiektu baino gehiago aurkeztu modalitate bakoitzean, eta onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio emango diru-laguntza. Pertsona berak bi eskaera baino gehiago egiten baditu modalitate batean, lehenengo aurkeztutako biak soilik onartuko dituzte. Laguntza hauen aurreko urteko deialdian, edozer modalitatetan diru-laguntza lortu zuten pertsonek ezingo dute eskabiderik aurkeztu deialdi honen ezein modalitatetan.
Informazio osoa:
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/sormena_gazteliteratura/web01-a2kultur/eu/
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/sormena_ipuineleberrimotzak/web01-a2kultur/eu/