Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-01-27

Gazte literaturaz aritu gara bosgarren Gonagorri podcastean

Galtzagorriren soinu-abentura aurrera doa eta oraingoan gazte literaturaren bidetik egin dugu aurrera erantzunen bila baino, zer pentsatuen, galdera berrien eta hausnarketarako harien bila. Patxi Zubizarreta idazlea izan dugu bidelagun. Gasteizko kafetegi batean grabatua, hitz eta pitz aritu ginen aurrez egindako gidoitik sartu-irtenak eginda. Zer eskaintzen diegun gazteei literaturaren esparruan? Zergatik bihurtu dira mesfidati? Zer dela eta itzaltzen da haurtzaroan literaturak sortzen dien lilura? Galdera-markekin bete ahalko genuke albiste hau goitik behera, baina nahiago dugu Gonagorriren pieza hau entzun dezazuen.

Aurrekoen egiturari eutsi diogun arren, oraingoan Booktuberboom lehiaketa irabazi duten bi gazteei eman diegu hitza eta haiek egindako booktubeen soinuak ekarri ditugu podcastera, hain zuzen Andere Garbietaren eta Beñat Chavezen liburu-gomendioak dira booktubean emanda. 

Galtzagorriren webgunetik bertatik entzun dezakezue. ivoox, Spotify edo Baleafunk plataformetan ere badaude. 

Ez galdu!