Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-12-06

Gaur zabalduko da 49. Durangoko Azoka

Abenduaren 5etik 8ra egingo da 49. Durangoko Azoka. Ohi bezala, musika eta literaturgintzako azken nobedadeez eta kultur ekitaldiz betetako lau egun izango dira gaurtik aurrera: 245 stand, 132 erakusle, 330 nobedade berri, 150 ekitalditik gora, 500 sortzaile inguru, 700 langile, 100.000 zale baino gehiago... Aurtengo herrialde gonbidatua Okzitania izango da eta Argizaiola saria Anuntxi Arana filologoa eta euskal mitologian aditua. Bere lan nagusia 1996koa da, Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa tesia. Euskal kultura sustatzen egin duen lan hori errekonozitu nahi dio Durango Azokak.

Bestalde, azokaren erreferntzia garrantzitsu bihurtu den urteroko kartela, aurten Marta Cardenas artista donosiarrak egin du.

Aurtengo azokako berrikuntzen artean aipatzekoak dira: mugikorretarako aplikazioa eta #Dazokat Instagram sare sozialaren bidez egingo den argazki lehiaketa. Abenduaren 5etik 8ra, egunero aukeratuko dute #Dazokat argazki irabazle bat, eta saria hainbat kontzertutarako bi sarrera izango da.

Nobedadeen zerrenda luzeetan galtzen hasi baino, hobe azokako kaleetan liburu eta disko artean galtzea, ezta? Bada, adi antolatzaileek emandako gomendio sortari eta gozatu aurtengoaz:

1 - Aterkia, botak eta kipula-janzkera, arropa geruzak erraz kendu eta atzera soinean janzteko, kalean hotz eta guneetan bero egingo duelako.

2 - Agenda 2015erako. Best seller zerrendatan inoiz agertzen ez den baina gehien saltzen den liburuxka, dudarik gabe.

3 - Oparitarako edo zeure buruari dedikatzeko lortu nahiko zenukeen autografoa. Hemen daukazu sinatzen egongo diren sortzaileen zerrenda.

4 - Centro Palentinoko pintxoak eta ardoa, poeta izan nahi dutenentzat. Handik pasatzen diren askok gero libururen bat publikatzen dute, beraz badu zerbait garitoak.

5 - Ahal dela, garraio publikoa. Badaude aparkalekuak Durangon, baina askoz erosoagoa, ekologikoagoa eta azokazaleagoa da garraio publikoa erabiltzea.

6 - Mobileko argazki kamaran instagram sare soziala prest edukitzea, #Dazokat lehiaketan parte hartzeko. Atera argazkiak eta selfieak eta filtro bereziak!

7 - Sormenaz gozatzeko irrika. Bestela, ez etorri.