Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-02-07

Gaur bukatuko da BIKO-TEKA 2018, album ilustratuetarako ilustraziogintza eta narraziogintza tailerra.

4 egun intentso eta emankorrak izan dira eta idazle eta ilustratzaileek lan handia egin dute. Harremanetan sakondu eta euren proiektuetan aurrera egin dute.

Azken goiz honetan Pello Elzaburu, Pamiela argitaletxeko editorea eta Unai Pascual Denonarteaneko editorea ari dira bikoteei argitaletxeen funtzionamenduaz eta orokorrean argitaratze irizpide eta formatuen inguruko formazioa eskaintzen.

Elzaburuk Euskal merkatuaren ezaugarriak azalduko ditu, Kalandrakarekin duen aliantzaren inguruan, euskarazko album ilustratuen egoeraz… Pascualek aldiz gehiago sakonduko du argitaratze prozesuan eta album irudidun eta nobela grafiko mota ezberdinetan.

 

Argitaldarien formazio saio honekin emango zaio amaiera aurtengo BIKO-TEKAri. Uste izatekoa da hemendik jaiotako Etxepare album ilustratuen sarira aurkeztuko direla. Iaz hala izan zen. Eta lan horietako batek irabazi zuen saria gainera. Hain zuzen, Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula Estévez Del Diego egileek sortutako “Arraroa” albumak.

 

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin bigarren aldiz antolatu duen tailer honetan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landu dute zortzi lan-bikoteek.

Hauexek izan dira Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan lau egun eta erdiz egin den ikastaro trinko honetan parte hartu dutenak: Maddi Orcajo + Miren Amuriza; Andrea Villamor + Andoni de Carlos; Arkaitz Barriola + Isabel Etxeberria; Irati Merino + Peio Lopez Iturri; Unai Gonzalez + Ixabel Agirresarobe; Amaia Lendinez + Izarne Zalaia; Ana Ibañez + Dani Martirena; Idoia Azkorra + Irati Elorrieta.