Charles Lutwidge Dodgson logikari, matematikari, argazkilari, asmatzaile eta idazle britainiarraren goitizena da Lewis Carroll. Bere lanik ezagunenak Alizia herrialde miresgarrian eta horren jarraipena, Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena, dira. Ipuin ezagun hau Lidell ahizpekin (Edith, Ina eta Alice, istorioko protagonista) txalupan egindako paseo batean hasi zen sortzen. Logika, nonsense eta parodia ezin hobeto baliatu zituen haur literatura berritzeko.
2015ean bete ziren 150. Urte Alizia herrialde miresgarrian lana lehenengoz argitaratu zela eta hori dela eta Galdakaoko Liburu Azokaren baitan Euskal Herrian lehen aldiz egingo den erakusketa bat antolatu dute. Erakusketaren oinarria Inma Carroquinok duen bilduma pribatuko liburuak izango dira. Unibertsitatean psikologia ikasketak egiten zegoela ezagutu zuen Alizia Carroquinok. Orduz geroztik Alizia herrialde miresgarrian obraren bertsio ezberdinen bilduma egiten dihardu (800 aletik gorakoa), ilustratzaile desberdinenak eta hizkuntza desberdinetan. Haur-literaturaren jarraitzaile sutsua da Carroquino eta duela 11 urte, haurren artean irakurketa sustatzeko helburuarekin, LETROLANDIA sortu zuen, Mercedes Hernandorekin batera.
Erakusketa osatzeko Sancho el Sabio Fundazioak euskarazko bertsioak utzi dizkio Galdakaoko Udalari: 1968ko lehen bertsio murriztutik hasita, 2015ean Pamiela argitaletxeak argitaratu zuen Manu López Gaseniren itzulpeneraino. Horrez gain, Ángel Domínguez ilustratzaile galdakaoztarrak Ingalaterrako eta Estatu Batuetako edizioetarako egin dituen ilustrazio garrantzitsuenetako batzuen sorta ere izango da ikusgai.
Erakusketa, obraren eta Lewis Carrollen historia azalduko duten aurkezpen-testuekin osatu da, baita hainbat herrialdetan eta garaitan Aliziaren istorioa lagundu duten ilustrazio esanguratsuenekin ere. Erakusketak, halaber, Goloka taldeak, Mirian K. sortzaileak eta Carmen Bellosok ekitaldi honetarako berariaz prestatutako atrezzoa du, obran eta L. Carrollen pertsonaietan oinarritutakoa.
Gaur eguerdian egin berri den erakusketaren aurkezpen ekitaldian Errupin Jauregi Barrenetxea, Galdaoko Hezkuntza eta Euskera zinegotziak, Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castrok, erakusten diren liburuen bildumaren jabe den Inmaculada Carroquinok, Angel Dominguez ilustratzaileak eta Manu Lopez Gaseni itzultzaileak parte hartu dute. Lopez Gaseni Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da EHUn; itzultzaile, idazle, ikertzaile eta argitalpen-Aholkulari gisa ere lan egiten du. Haur- eta gazte-literaturari lotuta dago bereziki eta aspalditik da Galtzagorri Elkarteko kide. Besteak beste, Behinola aldizkariaren sorrera zor dio Galtzagorri Elkarteak. Aliziaren hainbat bertsio euskarara itzuli ditu Pamiela argitaletxearentzat, azkena 2015ean, Lewis Carrollen lehen argitalpenaren 150. urteurrena zela eta.
Saio gidatuak
Euskal Herrian lehenengoz egiten den erakusketa honetarako saio gidatuak sortu ditu Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak, Galdakaoko Udalak eskatuta. Eta hala, abenduaren 16tik 21era Galdakaoko ikastetxeetako LH5 eta LH6ko ikasleen hamar taldek egingo dute erakusketa honetarako Galtzagorri Elkarteko Itziar Zubizarretak sortu duen bisita gidatua. Lur Korta ipuin kontalari eta Galtzagorriko kideak eskainiko ditu bisita gidatu hauek, eskola ordutegian.
Eskola ordutegiz kanpo bisitatu nahi dutenek badute erakusketa ikusteko aukera. Hala, Galdakaoko Udalari esker gaur eguerdian inauguratu berri den erakusketa hau abenduaren 21era arte egongo da zabalik Gandasegi Ikastetxeko areto nagusian. Gaurtik hilaren 21ª arte bisita daiteke 17:30etatik 20:30etara, aste egunez. Astebukaeran, 17 eta 18an 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30etara.