Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-12-08

Galtzagorri Elkarteko kideak Durangoko Azokan

Zabaldu ditu ateak 48. Durangoko Azokak. Egitarau zabala antolatu du Gerediaga Elkarteak beste hainbat elkarteren laguntzarekin eta abenduaren 5etik 8ra liburuak, musika, ikuskizunak, hitzaldiak eta lantegiak izango dira azokako aretoetan. Galtzagorri Elkarteak ere, urtero bezala, bere ekarpena egingo dio azokari. Aurten Miren Gonzalez ilustratzailea, Juan Kruz Igerabide idazle eta haur literaturan aditua, eta Juan Karlos Alonso psikologoa izango dira Durangoko Azokan.

Abenduaren 5ean, ateak zabaldu orduko, Miren Gonzalezek bi lustrazio lantegi egingo ditu ikasleekin. 11:00etan eta 14:00etan izango dira Areto Nagusian.

Abenduaren 6an, Juan Kruz Igerabidek Ttunkuttunkun, hitzaren berotasuna hitzaldia emango du, 3-8 urte bitarteko haurren gurasoei zuzenduta. Saguganbaran izango da 18:00etan.

Abenduaren 7an, Juan Karlos Alonsok (Bularretik Mintzora egitasmoko arduradunetako bat) hitzaldia emango du: Haur Literaturaren eragina haurraren garapenean. Hau ere 3-8 urte bitarteko haurren gurasoentzat izango da. 17:00etan hasiko da Saguganbaran.

Horiez gain, Galtzagorri Elkarteko beste zenbait kideren saioak ere izango dira Azokan. Lehen egunean esaterako, Yolanda Arrietak Egun batez idazle lantegia emango die ikasleei 10:00etan, 12:00etan eta 14:30ean.

Abenduaren 6an, Maite Franko ipuin kontalariak Mundipurdiko ipuinak saioa emango du 4-8 urte bitarteko haurrentzat.

Kalitatzeko Haur eta Gazte Literatura

Bestalde, Galtzagorri Elkarteak azken urteotan Euskal Herriko zenbait argitaletxerekin  argitaratutako liburuak ere Azokan izango dira. Batetik, Klis-klasikoak bildumaren barruan argitaratutakoak. Horien artean aurtengo nobedadeak: Haizea sahats artean (Erein-Igela) klasiko unibertsala eta Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak (Pamiela), Xabier Olasoren igarkizun liburuaren berrargitalpena.

Aurten, gainera, bilduma honetan Euskadi Sari bat dugu, itzulpenik onenarena: Tom Sawyer-en abenturak, Iñaki Mendigurenek eta Sarah J. Turttlek itzulia eta Alberdania-Erein-Igela hirukoak iaz argitaratua.

Horiez gain, Erein argitaletxearekin elkarlanean sortutako Marraz(i)Oak bildumako argitalpenak ere bertan izango dira: Basajaun eta Martin eta Mozoloaren bakardadea.

Beraz, bada zer ikusi, zer entzun eta zer poltsikoratu.

Gozatu literaturaz eta aurtengo Durangoko Azokaz!