Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-01-14

Galtzagorri Elkarteko bazkideen lanak "Esna-bidean" erakusketan

Galtzagorri Elkarteko bazkide diren hainbat ilustratzaileren lanak daude ikusgai Tolosako Aranburu Jauregian zabaldu berri duten "Esna-bidean / En la Vida Láctea" erakusketan.

Elena Odriozola, Antton Olariaga, Jokin Mitxelena, Concetta Probanza, Lorena Martinez, Leire Salaberria, Iñaki Martiarena "Mattin", Estibalitz Jalon, Maite Gurrutxaga, Eider Eibar, Elizabete Agirre, Eli Villar eta Ainara Azpiazu "Axpi"ren ilustrazioek bete dituzte Aranburu Jauregiko horma batzuk. Lan guztiek edoskitzea dute ardatz eta gehienak erakusketarako propio sortuak izan dira. Ainara Azpiazuren ekarpena, gainera, berezia izan da; inaugurazio ekitaldian bertan margotzen hasi zen mural handi bat sortu baitu ekimen honetarako.

Ilustrazioez gain, hainbat margo-lan, argazki, eskultura eta ikus-entzunezko ikusteko aukera dago edoskitzeari buruzko erakusketa berezi horretan. Parte hartu duten artisten artean dira, besteak beste, Idoia Elosegi, Maddi Soroa, Txitxi Orbegozo eta Naiara Delgado artista eta argazkilari tolosarrak, eta, Ana Urgoiti; Ane Ostolaza; Antton Arrillaga; Beñat Romera; Mª Jose Ardanaz eta Miguel Luis Agirrezabal, EHU/UPVko Arte Ederretako ikasleak.

Horrez gain, Tolosako Udal Liburutegiaren eskutik gaiarekin zerikusia duten liburuz osatutako liburutegia ere jarri dute erakusketan, eta bertan, leku berezia eskaini zaio Galtzagorri Elkartearen Bularretik Mintzora egitasmoari.

Erakusketa honen helburu nagusia jendartea edoskitzeak duen garrantziaz ohartaraztea da. Halaber, emakumearen rola “aldatu” den heinean, berau geure eguneroko bizitzan txertatzeko klabeak lantzea ere nahi da, elkarren arteko sostenguan oinarrituz.

Carmen Ferro Montiu emaginaren eta Tolosaldeko Altzoan Elkarteko kideen arteko elkarlanari esker sortu da erakusketa hau. Carmen Ferrok azken urteotan edoskitze garaian ateratako hainbat argazki bildu ditu eskualdeko gurasoen eskutik. Bere asmoa argazki horien bidez bular-ematearen garrantzia eta onurak azpimarratu eta edoskitzearen aldeko kontzientzia sustatuko zuen erakusketa bat egitea izan da. Lan horretan bidelagun izan du Altzoan Elkartea eta lankidetza horren emaitza da Esna-bidean / En la Vida Láctea erakusketa. Tolosako Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek ere lagundu eta babestu dute ekimen hau.