Hemeroteka

2019-04-05

Galtzagorri elkartearen hitzaldia Bolognan ospatu den IBBYko kongresuan

Atzo itxi zituen ateak Bolognako 56. haur literatura azokak. Aurtengoan, IBBYk urtero azokan ospatzen duen kongresuaren gai nagusia “hizkuntza aniztasuna” izan da. Herrialde ezberdinetatik hurbildu ziren gonbidatuek  gaiari lotutako ikuspuntu eta esperientzia ezberdinak plazaratu zituzten kongresuan eta Galtzagorri elkarteak ere bere tartea izan zuen, Etxepare Institutuaren laguntzari esker.

Amaia Hennebutte idazle, ilustratzaile eta elkarteko lehendakariak Euskal Haur eta Gazte Literaturak egun duen egoera eta elkarteak egoera honi  ematen dizkion aterabideak azaldu zituen.  Ipar eta hegoaldeko ezberdintasun kultural eta muga politiko eta fisikoek dakartzaten arazoak azaldu eta euskara, hizkuntza minoritarioa izanik, Euskal Haur eta Gazte Literaturak dituen oztopoen inguruan mintzatu zen. Elkarteak egoera hauei aurre egiteko proposatzen dituen ekimenak ere azaldu zituen Hennebuttek: Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak, irakasleei zuzendutako lantegiak, familiei zuzendutako irakurketa klubak edo eta sortzaileei eskainitako topaketa profesionalak besteak beste. Elkarteko lehendakariak hitzaldi osoa euskara hutsean egitea erabaki zuen bertara gerturatu zirenek gure hizkuntza entzun zezaten. Alboan Idoia Noble interpretea izan zuen aldibereko interpretazioa egiten.

Kongresuan herrialde ezberdinetako Haur eta gazte literatura alorrean lanean diharduten hainbat elkarte, fundazio eta  liburutegietako ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste Frantzia, Hego Afrika, Italia, Ingalaterra, Austria, Belgika, Suitza, Arabiar Emirerri Batuak edo Letoniako ordezkariak.