Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-04-07

Galtzagorri Elkarteak sare sozialetarako urratsa eman du

Bogan dagoen web 2.0 eta teknologia berrien arora egokitzeko urrats berriak ematen hasi da aurten Galtzagorri Elkartea.

 Orain arte elkartearen web gunea bera izan da Interneten Galtzagorrik izan duen erakusleiho bakarra, baina hemendik aurrera web gune estatiko izateari utzi eta web 2.0 izaera izango du. Hau da, erabiltzaileen partehartzean eta informazio trukaketan oinarritutako tresnak eskainiko ditu web gune interaktibo bihurtuz: Twitter, Facebook, RSS…
 
Beraz, www.galtzagorri.eus web guneaz gain, hemendik aurrera sare sozialetan ere izango du lekua elkarteak. Twitter eta Facebook bidez ere jaso ahal izango duzu Galtzagorriren lanaren berri. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturari buruzko albisteak, web gunean ez ezik, sare horietan ere argitaratuko ditugu.
 
Bestalde, RSS bidez web guneko azken berriak jasotzeko zerbitzua ere aste honetan jarriko dugu martxan. Beraz, hemendik aurrera, nahi izanez gero, Galtzagorrik argitaratzen dituen albisteak jasotzeko ez duzu aldiro web gunera sartzen ibili beharrik izango. Sindikatu eta zure e-postan jasoko dituzu.
 
Horrez gain, albisteak lagunekin e-postaz partekatzeko aukera ere eskaintzen du orain web gune berrituak, baita Galtzagorrik antolatzen dituen saio eta jardueren agenda ere.
 
Halaber, Galtzagorriren eta HGLran egiten diren egitasmoen berri ahalik gehien zabaltzeko asmoarekin web gunea gaztelaniaz bistaratzeko aukera ere eskainiko da hemendik aurrera. Izan ere, orain arte euskara hutsean egin dugu lan sarean.