Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-12-01

Euskarazko lehen booktubeak sarean daude!

Galdakaoko gazteak izan dira euskarazko lehen booktubeen sortzaileak. Izan ere, Galtzagorri Elkarteak eta Galdakaoko Udaleko Euskara Arloak elkarlanean antolatu dute Galdakaoko I. Booktube Lehiaketa eta bertan parte hartu duten galdakaoztarrak izan dira lehen euskal booktuberrak.

Lehiaketa herri mailakoa izan da eta bertako DBHko ikasleek (12-16 urtekoek) hartu dute parte. Eguzkibegi Ikastolako eta Bengoetxe BHI ikastetxeko DBHko ikasleek, nahiz Topaguneak (herriko gazteen topalekuak) elkartzen dituen adin horretako herriko neska-mutilek bat egin dute ekimen honekin.

Booktube Lehiaketa urrian jarri zen martxan eta abenduaren 18an amaituko da, Galdakaoko Udaleko Euskara Arloak abenduaren 17tik 20ra bitartera antolatuko duen Liburu Azokan egingo den sari-banaketa ekitaldiarekin.

Parte hartu ahal izateko Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri (bi zerrenda dituzte aukeran), banaka edo binakako taldeak osatu eta gehienez minutu biko erreseina bat (liburuari buruzko erreseina edo iruzkin digital bat) grabatu behar izan dute partaideek.

Hona euskarazko booktube baten adibidea:

Guztia urratsez urrats nola egin jakiteko, Galtzagorri Elkarteak irakasle eta hezitzaileei zuzendutako formazio saioa eman zuen urrian Galdakaon bertan. Baina, horrez gain, lehiaketari buruzko informazio guztia biltzen duen bloga sortu du. Parte hartzaileek eta irakasle/hezitzaileek bertan dituzte booktube fenomenoari buruzko xehetasunak eta lehiaketa honi buruzko argibideak.

Sariak

Lehiaketa honek sari nagusi bat izango du kategoria bitan banatuta; DBH 1-2 eta DBH 3-4 multzotan banatu ditugu booktubeak eta multzo bakoitzeko booktuberik onenentzat: ebook bana iznago da (booktubearenegile bakoitzarentzat).

Horrez gain, ikastetxe edo Topagune bakoitzeko booktuberik onenak ere saria izango du: selfiak egiteko makilatxoa eta 30 euroko bonoa Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan gastatzeko.