Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-11-03

Euskarazko lehen Booktube Lehiaketa jarri dugu martxan

Galtzagorri Elkarteak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, euskarazko lehen Booktube lehiaketa jarri du martxan: Galdakaoko I. Booktube Lehiaketa. Bertatik sortuko dira euskarazko lehen booktuberrak eta Galdakao eta galdakaoztarrak aitzindari izango dira mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen. Lehiaketa herri mailakoa izango da eta bertako DBHko ikasleek (12-16 urtekoek) hartuko dute parte.

Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolako eta Bengoetxe BHI ikastetxeko DBHko ikasleek nahiz Topaguneak gazteen bilgunearen bidez adin horretako herriko gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan.

Booktube Lehiaketa urrian jarri da martxan eta abenduan amaituko da, Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan egingo den sari-banaketa ekitaldiarekin. 

Parte hartu ahal izateko Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri (bi zerrenda dituzte aukeran), binakako taldeak osatu eta booktube bat (liburuari buruzko erreseina edo iruzkin digital bat) grabatu beharko dute.

Guztia urratsez urrats nola egin jakiteko, Galtzagorri Elkarteak irakasle eta hezitzaileei zuzendutako formazio saioa eman zuen duela bi aste Galdakaon. Baina, horrez gain, lehiaketari buruzko informazio guztia biltzen duen bloga sortu dugu: https://booktubelehiaketa.wordpress.com/. Parte hartzaileek eta irakasle/hezitzaileek bertan aurkituko dituzte booktube fenomenoari buruzko xehetasunak eta lehiaketa honetan parte hartzeko argibideak.

Parte hartzaileek euren booktubea egin ostean, youtuben argitaratu beharko dute.Gero, azaroaren 23tik 27ra bitartean lehiaketara bidali beharko dute. Baina adinez nagusi ez direnez, irakasle edo hezitzaileek emango dieten gurasoen baimena sinatuta atxiki beharko dute parte-hartze orriarekin batera.

Euskal booktuberrak

Lehiaketa honen bidez Galdakaoko neska-mutilak izango dira euskarazko booktubeak sortzen lehenak. Mundu mailan gazteen artean izugarri zabaldu den fenomenoa da hau, baina orain arte (guk dakigunez), euskaraz inork egin ez duena. Galdakao aitzindari eta eragile izango da euskal booktuber mugimenduan.