Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-03-30

Euskarazko Haur Literatura Boloniako Azokan

Galtzagorri Elkarteak, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin, Euskarazko Haur Literaturari leku egingo dio Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokan. 2012an, IBBYren Londresko Kongresuan Flying over paper/Paperean hegan aurkeztu zuten kideek performance berri bat sortu dute Boloniako Azokarako: Inurriak, zaldiak eta elefanteak. Patxi Zubizarreta idazlea, Jokin Mitxelena ilustratzailea, Maddi Oihenart abeslaria, Idoia Noble itzultzailea eta Chiara Balestri itzultzaileak apirilaren 1ean aurkeztuko dute ikuskizuna.

Inurriak, zaldiak eta elefanteak

Performance bat. Haur literatura. Hitza testu, kantu eta marrazki bihurtua. Euskal Herritik. Europako hizkuntzarik zaharrena entzun eta dasta dezazun. Modurik berrienean. Jolastienean. Zure jakinmina apur bat asetzeko. Zein zapore duen ikusteko. Gozatzeko.

- Jokin Mitxelena (marrazkilaria eta inurri bihurria)

- Maddi Oihenart (kantaria eta pegaso hegalaria)

- Patxi Zubizarreta (idazlea eta elefante orekalaria)

- Idoia Noble (aurkezlea eta kattagorri itzultzailea)

- Chiara Balestri (itzultzaile eta aurkezle belagilea)

Boloniako Azokara joatekoa bazara, ez galdu ikuskizun hori ikusteko aukera paregabea!