Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-04-23

Euskal narratiba, HGL Eskolan ikastaroko saioaren ardatza

HGLko generoen bigarren atalari heldu diogu HGL Eskolan ikastaroan. Aurreko saioetan ahozko generoak –poesia eta antzerkia– landu ditugun moduan, apirileko azken bi saioetan narrazioa izango da saioen abiapuntua.

Imanol Mercerok gidatu zuen narratibari buruzko lehenengo saioa. Mercero Galtzagorri Elkartean hainbat egitasmoko dinamizatzailea da, Euskal Filologian lizentziaduna. 2008tik Berria egunkarian, haur eta gazte literaturako atalean, kritikari-lanak egiten ditu, bere esanetan irakurzalea da afizioz eta irakur-zirikatzaile ofizioz.

Irakaslearentzat hitzak bezain garrantzitsuak dira zenbakiak eta euskal haur eta gazte literaturako idazle garaikideak zenbat ote dira galderarekin ekin zion saioari: 150 dira (gutxienez 2 argitalpen dituztenak) eta, adibidez, urterik oparoena 1963 izan zen, orduan jaio baitziren gaur egungo idazle nabarmen asko eta asko: Pako Aristi,Yolanda Arrieta, Karlos Linazasoro eta Inazio Mujika Iraola, besteak beste.

Euskal haur eta gazte literatura garaikidearen panorama gertutik ezagutzen duen seinale izan zen atzoko saioa, genero literarioak, gaiak, idazleak, egiturak, obren arteko loturak eta abar aipatu zituen. Mercerok belaunaldi desberdinak eta idazleen izenak zein obra garrantzitsuak aurkeztu eta ezaugarri nabarmenak eman zituen, aro desberdinak sailkatu eta ezinbestekoak aipatu zituen. Irakasleak idazle eta obren disekzio-lan handia egin duela erakutsi zigun. Euskaraz ekoitzi denaren erradiografiaren errepasoa egin zuen: Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta, Peio Añorga... Bidenabar, material gehigarrietan euskal egileen obren bibliografia zabalak denon eskura jarri zituen. Itzulpenaren arloan ere lan aipagarrienak zerrendatu eta adibide ugari eman zituen: Arnold Lobel, Mario Ramos, Nono Granero eta beste hainbat.

Saioan argi eta garbi geratu zen badugula non murgildu gaurko euskal haur eta gazte literaturaren narrazioa hobeto ezagutu nahi badugu.

Hurrengo asteko saioa Intza Alkainek gidatuko du eta liburuen hautaketa eta baloraziorako irizpideen ingurukoa izango da.