IKUSI MIKUSI euskal haur eta literaturaren lehenengo azoka urriaren 8an eta 9an egingo dugu Saran, Lapurdin. Galtzagorri Elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa da eta, iaz egitekoak baginen ere, COVID-19ak sortutako osasun-krisiak eraginda bertan behera utzi behar izan genuen. Aurten, proiektuari berriro heldu diogu euskarazko haur eta gazte literaturak berariazko azoka izatea garrantzitsua dela sinetsita gaudelako. Azokan, halere, ezinbestekoa da eskola-komunitatearen presentzia eta euskal lurralde guztietako eskolak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Hain zuzen, ekainaren 30era arte irekita dago erantzuteko epea.
Urrian egingo dugun azokan segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo dira osasunari dagokionez, eta espazioa bera, jarduerak eta ikuskizunak haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutakoak izango dira. Halaber, euskal lurralde guztietako literatura-arloko profesionalak bertan izango dira: argitaletxeak, idazleak, ilustratzaileak, liburu-saltzaileak, bibliotekariak, ipuin-kontalariak eta artistak oro har.
Azokaren lehenen egunean Eskola Eguna egingo dugu eta bigarrenean Familien Eguna. Eskola Egunean ikasleek euskaraz idatzitako liburuen berri eta idazleak zein ilustratzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, baita ikuskizunekin nahiz sortzaileen aurkezpenekin gozatzeko parada ere. Are gehiago, ikasleek eskolan sortutako lanak erakusteko plaza izango da Eskola Eguna IKUSI MIKUSI Azoka.
Hala, eskola komunitateen presentzia Azokan ezinbestekoa dela jakinda, lerro hauen bitartez 2021eko urriaren 8an, ostiralarekin batera, Sarako IKUSI MIKUSI Euskal Haur eta Gazte Literaturaren lehenengo Azokan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegun eskolei, hau da, Eskola Egunean ikastetxeetako 6-12 eta 12-16 urte bitarteko haurrak zein gaztetxoak gonbidatu nahi ditugu Azokara eta, horrenbestez, eskoletako egutegietan urriaren 8a gorriz margotu dezatela nahi dugu.
Gonbidapena luzatuta, antolaketa-lanetarako ezinbestekoa zaigu parte hartuko duten eskolen eta ikasleen kopurua jakitea. Hori dela eta, ezohiko egoera honetan, gure gonbidapenari erantzutea eskatzen diegu eskolei. Ez ahaztu, erantzuteko epemuga ekainaren 30a da.