Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-10-20

Eskola txikiak altxor kutxak jasotzen hasiko dira

Urriaren 2an jaso zuten liburuz betetako kutxa ibiltaria Mallabiako eskolan. Urriaren 5ean jaso zuten Amoroton eta Albizturren. Herri horietan hasiko dute ibilbidea Liburu Ibiltariak (Bizkaian) eta Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) egitasmoek. Urtero bezala, Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin, bideratzen dituen egitasmoak abian dira.

Aurten Gipuzkoako 33 eskola txikitara helduko da Liburuen Altxorra. Hau da, 2.300 bat ikaslerengana. Liburu Ibiltariak, berriz, Bizkaiko 25 eskola txikitara iritsiko da, 2.200 bat ikaslerengana.

Eskola horiek baliabide gutxi izaten dituzte sarri liburu eta liburutegien dinamizaziorako. Kutxa horiek eskaintzen duten liburu mailegu zerbitzu mugikorrarekin premia horri erantzuten dio Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Era berean, zerbitzu hori baliatzen du irakurzaletasuna sustatzeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik hasita.

Liburutegi mugikorren funtzioa betetzen duten liburuz betetako gurpildun kutxak izan dira egitasmo honen oinarria jaio zenetik. Liburu Ibiltariak egitasmoak ordea ez du liburutegi huts izateko asmorik. Izan ere, Galtzagorri Elkartearen helburuetako bat da Euskarazko Haur eta Gazte Literatura sustatzea, baina horrekin batera irakurzaletasuna piztu nahiko luke txiki-txikitatik Gipuzkoako eta Bizkaiko haurren artean.

Irakasleentzako Aholkularitza Zerbitzua

Altxorrean parte hartzen duten hainbat ikastetxetan haur kopurua hazi egin dela ikusirik, azken urteotan, horiei beste zerbitzu bat eskaintzen die Galtzagorrik: liburutegi gurpildunak eraman ordez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie.

Aurten Gipuzkoako 12 ikastetxetan eta Bizkaiko 6 eskolatan jasoko dute Aholkularitza Zerbitzua. Bisita horretara, dinamizatzaileak esku-gurdi batean euskarazko haur literaturan aurreko urtean argitaratu diren liburuen artean gomendagarrienak eramaten ditu. Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die.

Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

Saioen dinamika

Kutxa hauetako bakoitzak 140 liburu inguru ditu. Gehienak Galtzagorrik urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegian hautatutako liburuak dira. Mintegi horretan, idazle, irakasle, liburuzain eta dinamizatzaile hainbat biltzen dira, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat argitaratutako guztia irakurtzeko. Ondoren, argitaratutako guztiari buruz azterketa bat egin, eta kalitatearen ikuspegitik interesgarrienak diren lanak egitasmoko liburu zerrendara bideratzen dira. Modu honetan, urtero liburuak berritzen direla bermatzen da.

Liburuen Altxorreko dinamizatzaileak motibazio literarioa sustatzeko hainbat saio eskainiko dizkie haurrei. Saio hauetan dramatizazioak, ipuin kontaketak, hitz jolasak, poemak oinarri dituzten dinamikak... landuko dira, besteak beste. Beti ere, kutxan eramango diren liburuei lotutakoak izango dira saioak. Modu horretan, liburu horietan arakatzeko teknikak eskainiko dizkie haurrei, beraien parte hartzea ere sustatuz.

Lehenengo dinamizazio saioaren ondoren, kutxak hilabete igaroko du ikastetxe bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurketaren ludikotasuna eta magia sustatu nahi da ekimen honekin.

Urteetako esperientziak erakusten du, gainera, leku bakoitzean erabilera modu ezberdinean antolatzen dela; ikastetxe batzuetan, irakasleek irakurtzen dizkiete eskola orduetan haurrei ipuintxoak; batzuk liburuak oinarri hartuta kantak, olerkiak eta antzerkiak ere prestatzen dituzte; eskola txikienetan erabat irekia egoten da kutxa eta ikasleek erabakitzen dute zer eta noiz irakurri, gogoaren arabera; beste batzuetan egunero finkatzen dute tarte bat kutxatik liburuak hartu eta irakurtzeko; batzuek irakurketak etxean egin eta hurrengo goizean komentatzen dituzte irakurritakoak; besteetan liburuzain lana bete izan dute haur helduenek…

Agendak, postalak eta kartelak opari

Urtero bezala, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek babesten duten ekimen honen baitan Irakurketa Agenda (Bizkaian), postala (Gipuzkoan) eta kartel berria sortu ditu Galtzagorrik.

Urtero ilustratzaile ezberdin bati eskatzen zaio bata zein bestea ilustratzeko. Aurten Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketarrak egin ditu horien marrazkiak. Agenda, postala nahiz kartela liburuen kutxa eta Aholkularitza Zerbitzu ibiltaria jasotzen duten ikastetxeetan opari gisa jasoko dituzte.

Nolanahi ere, Irakurketa Agenda hori nahiz aurreko urteetan beste hainbat euskal ilustratzailek sortutakoak Galtzagorriko web gunean ikusi eta eska daitezke. Besteak beste, Iraia Okina, Belen Lucas, Antton Olariaga, Mattin, Jokin Mitxelena, Aitziber Alonso edota Jon Zabaletak eginikoak topatuko dituzue helbide honetan: https://www.galtzagorri.eus/euskara/irakurketa-agenda