Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-10-03

Errauskine errautsetatik berpizten hasi dira

Gaur goizean hasi da Marraz(i)Oak Ilustratzaileen Topaketen VIII. Edizioa. Goizeko 9:00etatik, Donostiako Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen Kalea, 16) daude bilduta aurtengo edizioko irakasleak eta parte hartzen duten hamabi ilustratzaileak. Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean, dagoeneko hasiak dira Errauskine bere errautsetatik berpizten. Egitasmoa Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzak babestuta.

 

Lehenengo orduko azalpen teorikoen ondoren, zenbait liburu izan dituzte mahai gainean Marraz (i)Oak VIII. Edizioan parte hartzen duten hamabi ilustratzaileek. Liburu horietako batzuk ikusita, lehenengo ariketa praktikoa egiten hasi dira eguerdian: norberak bere Errauskine sortzeari ekin dio. 

“Anakronismoak, bertsioak… zapatak galdu egiten dira, handiak dira, bota egiten dira, txikiak dira, handiak dira, harri koxkor bat dute barruan… Ondo dago harri koxkor bat zapatan edukitzea? Ondo egon daiteke? Zergatik? Bai, ez, ez dakit….” Gidatu ditu ilustratzaileak Canok, bere azalpenekin. Eta ikasleak papera eta ilustratzeko tresnak hartu eta lanean hasi dira.

Ignasi Blanchek “zintzotasuna” eskatu die ilustratzaileei “Errauskineen mundura” ongi-etorria ematearekin batera. Eta, ondo pasatzeko aholkua ere luzatu die.

 

Ostiralera arte Komikigunean lanean

Gaurtik hasi eta ostiralera arte goiz eta arratsaldez ariko dira honako hamabi ilustratzaileak Errauskine errautsetatik berpizten Marraz(i)Oak ILustratzaileen Topeketen VIII. Edizio honetan. Begoña Durruti, Belen Lucas, Garazi Berrizbeitia, Ainara Altuna, Yera Sánchez, Concetta Probanza, Nagore Txintxurreta, Ibone López, Maite Gurrutxaga, Ainara Azpiazu, Nekane Fernández eta Idoia Beratarbide ilustratzaileek, Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean, historian zehar arteak egin duen emakumearen errepresentazioa abiapuntutzat hartu eta, XX. mendeko ikonografiari arreta berezia ipinita, honen berrinterpretazio bat proposatuko dute elkarlanean.