Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-12-08

"Elmer elefantea" Basauriko Social antzokian

Abenduaren 8an "Elmer elefantea" txotxongilo ikuskizuna euskaraz taularatuko du Teatro de la Luna taldeak Basauriko Social antzokian. Eguerdiko 12:30ean izango da 3 urtetik gorako haurrentzat eta sarrera 4 euro kostako da.

Galtzagorri Elkarteak 2012an argitaratu zuen David McKee-k idatzi eta ilustratutako  Elmer (Alberdania-Igela-Erein) klasiko unibertsala lehen aldiz euskaraz, Klis-klasikoak bilduman. Hain zuzen, liburu horretan oinarritutako ikuskizuna da Teatro de la Lunak aurkeztuko duena. Lehenago Donostian eta Gipuzkoako beste zenbait herritan ere taularatu du lan hau. Bertan, liburuan bezala, elefante kolorekoa ez den elefantearen gora-beherak kontatzen dira.

Elmer bizi den taldean mota guztietako elefanteak daude, gazteak, zaharrak, argalak, potoloak... baina guztiak ere kolore berekoak, Elmer izan ezik. Elmer koloretako elefantea da, ia kolore guztiak ditu eta bere ideiak beti dibertigarrienak dira: akuilumakuiluak jarri, itzulipurdika ibili... elefante guztiek gustuko dute Elmer-ekin jolastea. Baina gau batean Elmer taldetik joaten da, ez du desberdina izaten jarraitu nahi. 

Haur Literaturan idatzi den obrarik onenetarikoa da adituen iritziz. Elmer album ilustratua katalanez, galegoz, espainolez… argitaratua izan da. Baina iaz arte ez genuen elefante honen euskarazko bertsiorik. Aiora Jakak egindako euskarazko itzulpenaz goza dezakete Euskal Herriko 4-8 urte bitarteko haurrek Klis-klasikoak bildumako argitalpen honi esker. Hogei lurralde baino gehiagotan ezagutzen dituzte Elmerren istorioak, baina, Galtzagorri Elkarteak argitaratutakoa aurrenekoaren itzulpena da, 1989an Londresen argitaratua. Harrezkero, ipuin ugariren protagonista izateaz gain, jostailua ere bada Elmer, panpina, puzzlea… Orain txotxongilo ikuskizuna ere ikusgai da euskaraz.