Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-08-22

Elena Odriozolaren lanak daude ikusgai ilustratzaileen txokoan

Maiatzaren 15etik irailaren 15a bitarte daude ikusgai Aieteko Kultur Etxean Elena Odriozola ilustratzailearen lanak. Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean sortu duten Ilustratzailearen Txokoaren filosofiari jarraiki, bertan ilustratzaileak haur literatura liburuetarako egindako ilustrazioez gain, ilustratutako liburuak, objektuak, eskulturak eta abar daude ikusgai. Guztiak Aitziber Alonsok eta Bea Txurrukak Ilustratzailearen Txokorako propio diseinatutako kartoizko armairuetan apailaturik ageri direlarik.

Ondoren, irailaren 18an inauguratuko da Olariagari eskainitako Ilustratzaileen Txokoa. Ilustratzaile handiak egindako haur literaturako eta helduentzako literaturako ilustrazioez gain, bestelako ilustrazio lanak ere ikusi ahal izango dira. Gaurdaino ez dira asko izan Antton Olariagaren lanari eskainita Donostian egin diren erakusketak.

Donostian bizi diren bi ilustratzaile handi hauen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea da, beraz, udatik udazkenera bitarte Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoak eskaintzen diguna.

 

Bi ilustratzaile handi

Elena Odriozola 1967an jaio zen Donostian. Makina bat libururen ilustratzailea da, asko eta asko haur eta gazte literaturakoak. Horietatik asko euskaraz argitaratuak, baina baita beste hainbat hizkuntzetan ere. Sariei dagokionez, besteak beste, Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Haur eta Gazte Literaturan argitaratutako Ilustratzaile Hoberenen Sarian 2. geratu zen 2005. urtean Aharrausi printzesa lanari esker (OQO). Bere lanak IBBYren Ohorezko zerrendan egon dira sarritan eta 2012. urtean Astrid Lindgren Sarirako hautagai izan da.

Antton Olariaga 1946. urtean jaio zen Usurbilen. Bere komiki lanagatik ezagun egin den arren, gaur egungo haurren euskal liburugintzaren ilustrazioa eta diseinua ezin uler daiteke bera gabe. Olariagak egunero argitaratzen du komiki tira bat Berria egunkarian (lehen Euskaldunon Egunkarian). Haurrentzako Ipurbeltz komiki aldizkariaren sortzaileetariko bat da. Euskal Haur eta Gazte Literaturan hainbat lan ditu ilustratuak, baita euskal literaturgintzako hainbat liburu diseinatu eta maketatuak ere. Besteak beste, Ilustrazio Euskadi Saria, Argia Saria eta Dabilen Elea saria irabazi ditu.