Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-11-20

Elena Odriozola Astrid Lindgren sarietarako hautagai proposatu dute

Elena Odriozola proposatu du OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundeak 2012ko Astrid Lindgren Memorial Award sarirako. Odriozolarekin batera Herrialde Katalanetako Municipi Lector egitasmoa ere proposatu du OEPLIk. Horrez gain, Espainiako beste erakunde batzuek proposatuta Miguel Calatayud ilustratzailea, Fina Casalderrey idazlea, Miguelanxo Prado ilustratzailea eta Javier Saez Castán idazlea ere hautagaien artean dira. Suediako Gobernuak lehenengo aldiz argitaratu du sari honetara aurkeztutako hautagaien zerrenda osoa.

Irabazlearen izena 2012ko martxoaren 20an jakingo da.

Guzti honen berri Frankfurteko Liburu azokan eman dute. Bertan adierazi dutenez, urtetik urtera hautagai kopurua eta parte hartzen duten herrialdeen kopurua gora ari da egiten. Aurten 8 herrialde gehiago aurkeztu dira. Hautagaien artean, %38 idazleak dira, %21 ilustratzaileak, %20 irakurketa sustatzeko egitasmo eta erakundeak, eta %1 kontalariak. Horien artean 81 gizonezkoak dira, 74 emakumezkoak eta 29 erakundeak eta egitasmoak.

Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenezko sariaren bidez. Aurten, hamargarren edizioan, guztira, 66 herrialdetako 184 hautagai aurkeztu dituzte sari honetara. Iaz Shaun Tan ilustratzaileak jaso zuen saria.