OEPLIrena da sari hauetara Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura, IBBYren Espainiako atala den heinean: hautagai bat idazleen atalean, beste bat ilustratzaileen alorrean. Oraingoan, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia (Elena Odriozola) izan da aukeratua. OEPLI, Estatuko lau hizkuntzetako Haur Literatura Elkarteek osatzen dute, eta beraz, horietako bat da Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea. Horregatik bi urtean behin euskal idazle eta ilustratzaileak proposatzen ditu Andersen Sarietarako.
OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten beste atalek euren hautagaiak aurkeztuko dituzte sarirako, eta ondoren, Haur eta Gazte Literaturako hainbat adituk osatutako nazioarteko epaimahai batek Hans Christian Andersen Sariko irabazleak aukeratuko ditu. Irabazleak 2018an IBBYk egingo duen Biltzarrean emango dira ezagutzera.
H.C. Andersen Sariak euren obra osoaz haur eta gazte literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileei euren lanaren errekonozimendua eskaini nahi die IBBYk; ibilbide oso bat saritzen du beraz.
Orain artean, OEPLIk hautagai bezala aurkeztu duen ilustratzaile euskaldun bakarra Asun Balzola izan da, 1988an eta 1992an, birritan aurkeztua izan zen. Eta idazleen alorrean aurkeztu dituen hautagai euskaldunak Bernardo Atxaga (2000. Urtean) eta Mariasun Landa (2008. Urtean) izan dira. Hauetako inork ez du lortu ordea, Hans Christian Andersen saria eskuratzerik.
Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan ematen den Sari garrantzitsuenetakoa da. Saria eskuratu duten ilustratzaileen artean daude, besteak beste, Maurice Sendak amerikarra, Anthony Browne eta Quentin Blake britainiarrak, Roberto Innocenti italiarra edo Jutta Bauer alemaniarra. Eta idazleen artean, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra.
Elena Odriozola
Elena Odriozolak (Donostia, 1967) sari ugari eskuratu ditu orain arte. Besteak beste, 2015eko Espainiako Ilustrazio Sari Nazioanala irabazi zuen eta urte berean, Bratislavako Ilustratzaileen Biurtekoaren”Urrezko Sagarra” jaso zuen “Frankenstein” (Mary Shelley/Elena Odriozola. Nordika Libros, 2013) lanarekin. Birritan jaso du baita ere Ilustrazio Euskadi Saria.
Elena Odriozola Galtzagorri Elkarteko bazkide da ia sorreratik eta hainbat urtez izan zen elkarteko zuzendaritza batzordeko kide. Elkartearen logotipoa ere berak sortutakoa da, baita Galtzagorriren 25. urteurrenekoa ere. Baina ez da Galtzagorriri egin dion ekarpen bakarra, izan ere, Odriozolak hainbat areto literario diseinatu ditu, Bularretik Mintzora egitasmoaren logotipoaren eta ilustrazio lan osoaren egile da, Klis-klasikoak egitasmoan ere parte hartu zuen eta beste hainbat lantegitan ere kolaboratu du eta elkarlan etengabean jarraitzen du Galtzagorri Elkartean. Hain zuzen, 2014 eta 2015eko Marraz(i)Oak topaketak berak gidatu ditu Gustavo Puerta adituarekin batera.
Odriozolak Artea eta Dekorazioa ikasi zituen. 1997an, ilustratzaile moduan lanean hasi zen, eta, harrezkero, ehun liburu baino gehiago ilustratu ditu. Bere euskarazko, gaztelaniazko, galizierazko, katalanezko, ingelesezko, frantsesezko, txinerazko, japonierazko, koreerazko, alemanezko, italierazko, nederlanderazko, polonierazko eta turkierazko liburuetan agertu dira lanok.