Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-06-01

Eider Eibar irudi bidezko ipuinak kontatzen Australian

"Australiara zoaz", esan genion Eider Eibarri joan den otsaileko goiz batean. Galtzagorrin Sidneyko Instituto Cervantesetik email bat jasoa genuen bi aste lehenago eta bazkide diren ilustratzaile guztiei euren proposamena bidaltzeko eskatu genien. Australiara joateko, ingelesa jakin behar zen, Australiara joateko prest egon eta gure ahozko tradizioko pertsonaietatik abiatuta ipuinak irudi bidez kontatzeko gaitasuna.

 

"Itxaron pixka bat", esan zigun Eiderrek telefonoaren beste aldetik aukeratua izan zela jakin zuzenean. "Australiara noa" Aaaaaaaaaahhhhhh!", entzun genuen telefonoaren beste aldean. Poz pozik jarri zen Eider aukera hura beretzat izango zela jakin zuenean eta garrasi izugarria bota zuen.

 

Ordutik hona pasa dira hilabete batzuk eta Eiderrek lan handia egin behar izan du Australian emango dituen hamarretik gorako saioak prestatzeko.  Gaur abiatuta, ostiralean, maiatzak 20an, eskainiko du lehen saioa Sidneyko Lewisham Public School-en. 21ean berriz,Instituto Cervantesen bertan eskaini die saioa euskal inmigranteen seme-alabak diren 8-12 urte bitarteko haurrei. Azken honetan, Olentzeroren Malutak liburua hartuko duelarik oinarri gisa saiorako.

 

Ondoren Melbournera bidaiatuko du, eta bertan hiru egunetan zehar egongo da 5 saio eskainiz. Irudi bidezko ipuin kontaketak diren arren, Melbournerako 3 saio ezberdin prestatu ditu Eibarrek: bat Mila Magnolia lore liburuan oinarrituta, bestea Muxurik nahi? liburuan oinarrituta eta azkena, euskal mitologiako pertsonaiei eskainia.

 

Hilaren 26an azkenik, Roxby Downs-era egingo du bidaia. Roxby Downs herri ttiki-ttiki bat omen da, munduaren azken muturrean dagoena. Bertako gaztetxoak irrikitan omen daude Eider noiz etorriko. Horrelako saiorik ez dute inoiz ikusi eta.

 

Azkenik, maiatzaren 27an, Adelaiden emango ditu beste 2 saio.  Sidneyko euskal etxean ere saioren bat egingo duela badakigu, baina ez dakigu ziur zein egunetan.

 

 

Haur eta Gazte Literaturako Egun Cervantinoa

 

Hirugarren urtez ospatzen duInstituto Cervantesek Haur eta Gazte Literaturako Egun Cervantinoa. Munduko 5 kontinenteetan dauden Instituto Cervantesen 28 zentroetan ospatuko da. Otsoak eta dragoiak izeneko programaren barruan antolatzen duten  literatura sarean egiteko ekimen honek haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburua du. Horretarako, Espainiako Estatuko hizkuntza ezberdinetako Haur eta Gazte Literaturako pertsonaia azpirragarrienetako batzuekin ekintzak lotzen dituzte.

 

Horregatik, esan bezala, mundu osoan zehar era askotako ekimenak antolatu ditu Instituto Cervantesek, hala nola, idazleekin topaketak (adibidez, Eliacer Cansinorekin edota Maite Carranzarekin), ilustratzaileekin tailerrak (adibidez, Eider Eibarrekin, Roger Olmosekin, Jordi Sempererekin edota Violeta Monrealekin), ahozko kontaketa saioak, helduentzako tailer eta hitzaldiak, komiki tailerrak, idazketa tailerrak haur eta nerabeentzat, stop motion tailerrak, txotxongilo saioak...

 

Eider Eibar Arte Ederretan lizentziatua da, eta Bartzelonako Pompeu Fabran Animazio ikasketak burutu zituen. Berari buruzko informazio zabalagoa topatu dezakezue helbide honetan.