Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-12-09

Durangoko Azokan hainbat jarduera egingo ditu Galtzagorrik

Galtzagorri Elkarteak eta Durangoko Berbaro Elkarteak elkarlanean, bi saio antolatu dituzte aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren baitan egingo den Haur Literatura Aretorako: ipuin kontaketa saio bat eta ilustrazio tailerrak.

Aurtengo kultura gonbidatua galegoa denez, Galtzagorri Elkarteak Galiziako Galix (Asociación Galega do Libro Infantil e Xuvenil) elkartearekin batera ipuin kontaketa saio berezia antolatu du abenduaren 6rako; idazle euskaldun eta galegoen kontaketa partekatua izango da. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da Haur Literatura Aretoan, Elkartegia eraikinean.

Horrez gain, abenduaren 8an, areto berean, Miren Gonzalez artistaren ilustrazio tailerra antolatu du Galtzagorrik. Bi saiotan egingo da: 15:00etan eta 17:30an. Parte hartzeko aurrez eman beharko da izena.

Bestalde, azken urteotan bezala, Galtzagorri Elkarteak sortutako hainbat argitalpen izango dira aurten ere azokan: Bularretik Mintzora eta Sasi Guztien Gainetik CD-liburuak; eta Klis-Klasikoak liburu-sortako lehen liburuak, Pinotxoren Abenturak, Maria Goikoa Batbirulau, Indianoa eta Txan Fantasma.