Hemeroteka

2021-10-20

De Isusik irabazi du Euskadi Saria ilustrazioaren atalean

Javier de Isusik (Bilbo, 1972) irabazi du Euskadi Saria ilustrazioaren atalean Transparentes. Historias del exilio colombiano (Astiberri, 2020) komikiagatik. Epaimahaikideek lanaren pisu emozionalari egin diote azpimarra eta, aldi berean, sortzailearen teknika narratibo eta grafiko onari esker, pisua arintzen laguntzeaz gain, de Isusik istorioa bikain biribildu duela adierazi dute.

Lana ez da nolanahikoa. Urte asko dira, hamarkadak ere bai, Kolonbiako gatazka eta indarkeriaren ondorioz kolonbiar asko handik atera behar izan dutela, erbesteratu, eta Europan bilatu dutela aterpe. Are gehiago, gatazka ezagutu ez duten belaunaldi berriak jaio dira jada hemen. Edonola, erbesteratutakoek gatazkaren zauriak itxi gabe dituzte, eta min hori, askotan hitzik gabe, transmititu egin diete belaunaldi berriei. Ez dira urte asko erbesteratuak antolatzen hasi zirela eta beren errelatoak batzeari ekin ziotela. Horretan ari dira eta de Isasiren komikia prozesu horren parte da, are gehiago, ekarpena egin dio. Zorionak Javier lanagatik eta sariagatik ere bai! 

Beste sariak

Dagoeneko jakitera eman dituzte aurtengo Euskadi Sari guztiak. Euskarazko entseguaren atalean Alex Gurrutxagak jasoko du Aberriaren poeta kantaria lanagatik. Txani Rodríguezek Los últimos románticos lanagatik jasoko du gaztelaniazko literatura saria eta gaztelaniazko entseguari dagokiona Mikel Reparazek Las grietas de América lanagatik.

Aurreko astean iragarri zituzten beste aurtengo sariak. Pello Lizarralderi eman diote euskarazko literatura saria Argiantza lanagatik, Joxan Elosegiri Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak gaztelaniatik euskarara ekartzeagatik. Anjel Lertxundik jasoko du Haur eta Gazte Literaturari dagokion saria Altzaren muinoa gazteei zuzendutako eleberriagatik.

Haltzaren muinoaz

Mikel Laboak Bereterretxeko kanthoria balada kantatzen digunean haltzak ez duela bihotzik kontatzen digu, baina Anjel Lertxundik Haltzaren muinoa eleberri laburrean (Elkar, 2020), bihotza ez ezik jakin-mina ezarri dio haltzari. Eta kontzientzia atxiki dion arbola horrekin irabazi du iazko uztari dagokion Euskadi Literatur saria haur eta gazte literaturaren alorrean. Zorionak Anjel! 

Muinoan sustraiak errotuta dituen haltzak jakin-mina du eta mundua ezagutzeko xedea. Baina, nola bidaiatuko da bada arbola bat? Idazlearen eskuak, aitzitik, badu magiatik eta uholde bat sortuko du. Urak eramango du haltza eta ibaiarekin joango da itsasoraino. Aldaketa, bidaia, jakin-mina, askatasun egarria... Ez al da hori nerabezaroa, gaztaroa?