Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-01-10

Datuak biltzen eta interpretatzen

Aipatutako Espainiako Liburuen erosketa eta irakurketa ohituren Barometroak agerian uzten du Haur eta Gazte Literaturaren Sektorean oraindik ere punturik ahulena irakurketa indize baxua dela. Irakurketa sustatzeko proiektuak egon badaude, eta hauek ari dira neurri batean irakurketa indize hori igotzen, baina oso poliki gertatzen ari den igoera da. Barometro honi gehitu behar dizkiogu orain, 2006an Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Euskal Kulturaren Behatokiak bildu dituen datuak. Behatoki honek kulturako hainbat sektoretan politikak diseinatu ahal izateko datuak lortu eta ezagutarazteko xedea du. Horixe izan da beraz, kaleratu duen lehen txosten honen helburua. Nahiz eta oraindik ere, datuetan pixka bat herren gelditzen den. Kaleratutako datuen artean, euskal argitalpengintzako enpresek 2006an euskarazko 2.016 titulu kaleratu zituztela aipatzen du, horietarik 1.500 lehenengo edizioak zirelarik.
 Euskarazko produkzioak fakturazioaren %37,5a ekartzen die enpresa hauei.

30 urte euskal liburugintzan

 Joan Mari Torrealdaik plazaratu berri duen liburuan tiraden jaitsieraz ohartarazten du. Euskal liburugintzaren tiradaren beherakada hau ordea, mundu osoan gertatzen ari den joeraren ildo beretik doa. 1981.etik 1985.era argitaraldiak 4.528koak izan ziren, nobedadeak eta berrargitalpenak kontuan hartuz. 2001etik 2005era berriz, 2.958koak. Horrek esan nahi du tiradek %34,67 egin dutela behera, euskal liburugintzan.

Liburua lau ataletan banatua dago: lehenengoan, azken 30 urteetan Jakinen jasotako kezken laburpena egin du. Bigarrenean, 30 urte horietako datuak bildu ditu grafiko eta taula bidez. Hirugarrenean, argitaldariei eta aleei buruz mintzo da. Argitaletxeei eskatutako datu errealetan oinarritutako azterketa kuantitatiboa egin du. Eta azken atalean, euskal liburuaren behatokia sortzeko proiektuaren helburuak eta jarduerak zein izan beharko luketen argitzen saiatu da. Liburuaren gaineko informazio, azterketa eta gogoeta guztiek bertan lekua izatea proposatzen du Torrealdaik. Plana erakundeei aurkeztu omen zien baina ez du erantzunik jaso oraindik, dioenez.


Haur eta Gazte Literaturaren edukiei begira
 CLIJek (Cuadernos de Literatura Infantil aldizkariak) 2007ko urrian plazaratutako alean Estatuko Haur eta Gazte Literaturaren egoeraren errepasoa egiten zuen. Jasotako artikuluekin ondorioztatu daitekeenez, sektore honen osasuna nahikoa ona da, baina bere lan ildoetan kontserbadorea dela oso azpimarratzen du Victoria Fernandez, aldizkariaren zuzendariak. Izan ere, modu honetan laburbiltzen ditu Fernandezek Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren sektorearen lan ildo eta ezaugarriak: Harry Potterren ildotik datorren fantasiaren nagusitasuna; Liburu ilustratuen gorakada; klasikoen berrargitarapenak eta pertsonaien oroitzapenezko lanak (Cid-en ingurukoak, Mozart…).