Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-10-14

Concetta Probanzaren lana Ilustratzailearen Txokoan

Concetta Probanzak Arte Ederretako ikasketak burutu zituen, Arte Grafikoak espezialitatea aukeratuz. Artelekun grabatuari eta serigrafia esperimentalari eskainitako programetan parte hartu zuen, bere formazio artistikoa osatuz. Eta Nafarroako Unibertsitatean zein Euskal Herriko Unibertsitatean borobildu zuen bere kultur hezkuntza, postgraduko ikastaroen bidez.

 

Ilustratzaile gisa, idazle askoren literatur lanak lagundu ditu bere irudi eta azalekin. Galtzagorri Elkarteak 2011 eta 2013. urteen artean Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abiatu zuen Klis-Klasikoak liburu bildumako liburuen maketak ere burutu zituen. Komikiaren alorrean lan egindakoa da eta hainbat sari eskuratu izan ditu. 

2004an, Mahats-denboran liburua kaleratu zuen, Patxi Ezkiaga poetaren poemak lagunduriko Probanzaren margolanaren bilduma bat osatzen duen artista liburua. Bakarkako erakusketa ugari paratu ditu; eta taldekako erakusketa askotan ere parte hartutakoa da.

 

 

Ilustratzailearen txokoa: 2012tik martxan

 

Ilustratzailearen Txokoa proiektua Galtzagorri Elkartearen eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta ilustratzaileen lana aintzat hartzeko eta gizarteratzeko helburua du.

 

2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Txokoa ireki zenetik, hainbat ilustratzaileren lanak jarri dira bertan ikusgai: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marraz(i)oak Ilustratzaileen Topaketetako artisten lanak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin” eta Ainara Azpiazu “Axpi”. Oraingoan Concetta Probanzaren txanda da.

 

Erakusketaren ordutegia honakoa da:

 

Astelehenak eta jaiegunak: itxita.

Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30.

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00.

Igandeak: 10:00 - 14:00.

 

Abenduaren 11 arte, Aieteko Kultur Etxean.