Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-03-16

Bularretik Mintzora jaioberri guztiei

Dagoeneko 10 dira Bularretik Mintzora proiektuan sartuta dauden EAEko herriak. Hain zuzen ere, Tolosa, Iurreta, Ermua, Oñati, Amurrio, Markina, Aramaio, Legazpi, Donostia eta Urkabustaiz dira proiektuaren fase ezberdinetan murgilduta daudenak. 2007an hasi ginen Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuarekin lankidetzan 0-6 urte bitarteko haurren irakurketa ohiturak sustatu nahian proiektu hau gauzatzen. Haur horiengan irakurketa ohiturak sustatzea da helburua, beraien ingurune naturalean gainera: etxean, eskolan eta liburutegian. Horretarako, beraien inguruko hezitzaile eta gurasoak formatzen eta aholkatzen saiatzen gara.

 

Kanpaina sistematizatu bat da eta pixkanaka ari gara emaitzak ebaluatzen. Aurten, Liburutegi Zerbitzuaren laguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzari esker pauso erraldoi bat ematea lortu dugu: hau da, ospitalean bertan, jaio eta berehala erizainek jaioberrien guraso guztiei Bularretik Mintzora CD-liburua banatzea. Liburuarekin batera, aholku koadernotxo bat eta bibliografia bat jasoko dute opari. Horretarako, Osakidetzaren laguntza ezinbestekoa ere izango dugu.

 

 

Otsailaren 7an aurkeztu zen egitasmoaren fase berri hau Bilboko Gurutzetako Ospitalean. Bertan izan ziren Blanca Urgell Kultura Sailburua eta Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo Sailburua. Baita Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikako Sailburuordea  eta Itziar Zubizarreta kanpaina honen diseinatzailea ere.  Ama biri oparia emateaz gain, irakurketa ohiturak txiki-txikitatik, jaio berritik, sustatzearen garrantziaz mintzatu ziren. Izan ere, haurrei txikitatik "irakurtzen ematea" osasungarria da: "irakurtzen ematen" badiote jaten ematen dioten bezalaxe, haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta aldi berean, hizkuntzarena estimulatzen ditugu.

 

Buletina eta web gune berria

 

Bularretik Mintzora pixkanaka ari da zabaltzen, sistematizatzen, handitzen... horren seinale da baita ere, orain gutxi martxan jarri dugun www.bularretikmintzora.org web gune berria. Bertan, kanpainari buruzko informazio andana aurkitzeaz gain (ikastaroak, hitzaldiak, tailerrak), herri bakoitzean zer egiten ari diren aurkitu ahal izango da eta bibliografiak, irakurketa lantzeko aholkuak eta egitasmoaren ebaluazioaren lehen emaitzak ere topatu ahal izango dira.

 

Web gunean "GURASO BERRIAK" izeneko atal bat ere ipini dugu. Hain zuzen, ospitalean Bularretik Mintzora jasotzen duten gurasoek bertara jo ahal izango dute eta bertan euren datuak ipiniz, orain gutxi martxan jarri dugun buletina jaso ahal izango dute hilean behin.

 

Buletin honetan, Bularretik Mintzorako kanpainaren inguruko informazioa emateaz gain, haur eta gazte literaturari lotutako eta irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egitasmoen inguruko informazio interesgarria ematen ere saiatuko gara. Beraz, buletin hau jaso nahi duenak, hemen bere datuak sartzea besterik ez du.