Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-09-15

Bularretik Mintzora egitasmoari buruzko saio monografikoa

Bularretik Mintzora egitasmoaren helburu nagusia 0-6 adin tarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea da. Baina sustatze lan hori haurren gurasoekin eta haien hezitzaileekin egiten du Galtzagorri Elkarteak, horretarako haien ingurune naturalak hautatuz: etxea, eskola eta liburutegia.

2007ko abenduan jarri zen abian Bularretik Mintzora egitasmoa eta harrera ezin hobea izan du bai haur jaioberrien gurasoen artean, baita hezitzaile, irakasle nahiz liburuzainen artean ere.

Bada, irakurzaletasuna eta haur literatura sustatzeko helburua duen ETBko Ipupomaua saioak ere Bularretik Mintzora egitasmoari leku egin nahi izan dio, saio monografiko bat eskainiz.

Uztailaren 9an eman dute saioa eta bertan egitasmoaren helburu eta nondik norakoez jardun dute Izaskun Jauregi Galtzagorriko idazkari teknikoak, Jone Arroitajauregi Bularretik Mintzora egitasmoaren koordinatzaileak, eta, Itziar Zubizarreta idazleak eta egitasmo honen egile eta dinamizatzaileak.

Halaber, saio horretan Asun Agiriano Galtzagorriko lehendakari ohiak hartu du parte Bularretik Mintzora egitasmoan erabiltzen diren liburu batzuen aipamena eginez. Aitziber Alonso ilustratzaile eta Galtzagorriko egungo lehendakariak, berriz, -Ipupomamuaren denboraldi honetan ohi duen moduan-, liburu bat aztertu du ilustrazioen ikuspegitik. Kasu honetan Bularretik Mintzora egitasmoan erabili ohi den liburu bat izan du hizpide.