Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-03-24

Bularretik Mintzora egitasmoak irakurzaletasuna sustatzen duela frogatu da

Galtzagorri Elkarteak Bularretik Mintzora egitasmoa 2008an abiatu zuen EAEko 5 herritan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren babesarekin. 2012an, guztira, 12 herri dira Bularretik Mintzoran daudenak. 300 irakasle, 40 ikastetxe eta 5.000 haurrengana iristen da beraz, egun egitasmoa.

Aipatu herri guztietan 0-6 urte bitarteko haurren irakurtzeko zaletasuna sustatu nahi du Bularretik Mintzora kanpainak horretarako beren inguruko helduak –gurasoak, irakasleak, hezitzaileak– formatuz.

Bada 12 herri horietatik 6tan, 2011ko abenduan lehen aldiz Bularretik Mintzoraren baitan azken hiru ikasturteetan egindako ekimenen eragina ebaluatu da. Alegia, Galtzagorri Elkarteak urtez urte herri horietako gurasoei galdekizunak egin eta horien emaitzak gordetzen joan da. Orain kaleratu den txostenak 2009ko irailean lehen aldiz herri horietako gurasoei egindako galdekizunen emaitzak eta 2011ko maiatzean guraso horiei beraiei egindako galdekizunen emaitzak erkatzen ditu. Eta emaitzak oso baikorrak dira, irakurtzeko zaletasuna neurtzeko balio duten hainbat adierazlek hobekuntza nabarmenak izan dituztela frogatzen baitu.

2009an lehen aldiz herri horietako 3 urteko gurasoen artean galdekizunak banatu eta jaso zirenean, zera aztertu nahi zen: herri horietan zein ziren irakurketarekiko zeuden ohiturak eta jarrerak. Abiapuntua finkatu zen, beraz. Hiru ikasturte igaro ostean, alegia, haur horiek 6 urte egin dituztenean, berriz ere galdekizunak erantzuteko eskatu zaie guraso haiei.

Ikasturte horietan zehar Galtzagorri Elkarteko hainbat profesionalek herri horietako ikastetxeetan formazioa eskaini dute literaturaren erabilera hizkuntza curriculumean txertazeko helburuz, gurasoentzako formazio ikastaro, tailer eta hitzaldiak burutu dituzte, Irakurketa Klubak eskaini dituzte haur txiki eta gurasoekin eta Bularretik Mintzora eta Sasi Guztien Gainetik CD-liburuak, aholku foiletoak, bibliografiak eta liburu maletak banatu dira.

Bularretik Mintzora gauzatzen duen Galtzagorriko lan-taldeak oraintxe baloratu berri du hasieran herri haietan jasotako abiapuntuaren eta egungo (ekintza guzti horien ostean) egoeraren aldea. Egindako txostenean agerian geratzen da irakurtzeko zaletasunarekin zerikusia duten hainbat aldagai nabarmen hobetu direla. Beraz, esan liteke herri horietan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari esker egindako ekintzek txiki-txikitandik haurren irakurtzeko zaletasuna hobetzen dutela.

Hain zuzen ere, hauek dira hobetu diren aldagaiak:


- Liburutegietara joatearen ohitura asko areagotu da herri hauetan (ia %50 haur gehiago joaten da orain)

- Oso maiz (astean behin baino gehiago) liburutegietara joaten diren familien ehunekoa hobetu da baita ere (%7 gehiago)

- Herri horietako liburutegietan %41 ipuin gehiago mailegatzen dira orain

- Guraso gehiago dira orain (%34 gehiago, hain zuzen) herri horietan haur kantak haurrari kantatzen dizkiotenak

- Gurasoak ohitzen ari dira haurrei edozein momentutan ipuina kontatzera, eta ez lo egin aurretik bakarrik (%10 gehiago dira edozein unetan ipuina kontatzen dietenak)

- Haur literaturarekiko ezagutza maila asko hobetu da
 

Txostenaren emaitzak osorik kontsultatzeko aukera duzue hemen.